Politika -
Iragarpena
Txarli Prietok Arabako Batzar Nagusia utziko du, 20 urte eta gero
Arabako PSEren idazkari nagusiak azaldu duenez, maiatzaren 22ko hauteskundeetan bere alderdiak izan zituen emaitza txarren ondorioz hartu du aipatu erabakia.
Erredakzioa
Txarli Prietok gaur goizean iragarri duenez, Arabako Batzar Nagusietan daukan prokuradore akta uzte erabaki du, PSEk maiatzaren 22ko hauteskundeetan izan dituen emaitzak txarrak direla eta. Gauzak horrela, 20 urte eta gero, Arabako Ganberako eserlekua utziko du. Legebiltzarreko pasiloetan egin du iragarpena, Arabako PSEren zuzendaritzari bere erabakiaren berri eman eta kargua utzi ostean. Arabako ahaldun nagusigaia izan zen maiatzaren 22ko hauteskundeetan, baina PSEk oso emaitza txarrak izan zituen: laugarren indarra da, bederatzi eserlekurekin eta Bilduren atzetik. Aurreko legegintzaldian PSE bigarren indarra izan zen, PPren atzetik eta EAJren aurretik.
Prietok azaldu duenez, testuinguru politiko berriak eraginda eta Arabako Batzar Nagusian "haize berria" sartzeko asmoz utzi du kargua.
Erabaki pertsonala dela eta bere alderdikide guztiek onartu eta ulertu dutela esan du. "PSEren politikak gure boto-emaileak aldentzea eragin du eta, ondorioz, hausnarketa egitea eta neurriak hartzea beharrezkoa da", nabarmendu du. Prietok onartu du hauteskundeak irabazteko asmoarekin aurkeztu zela, baina emaitzak ikusita, gogoeta sakona egin behar izan zuela eta horren ondotik hartu duela arestian esandako erabakia.