Politika -
Auzitegi Gorena
Comin, Ponsati eta Puig atxilotzeko euro-agindua igorri du Llarena epaileak
Kataluniako kontseilari kargugabetuak Belgikan eta Eskozian daude. Justiziarekin kolaboratzeko borondatea erakutsi dute hirurek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Toni Comin, Clara Ponsati eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari kargugabetuak atxilotzeko eta Espainiaratzeko euro-agindua eman du.
Comini sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi dio; Ponsatiri, sedizioa; eta Puigi, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta desobedientzia.
Duela zenbait astea Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetua atxilotzeko eta Espainiaratzeko agindua eman zuen Llarenak, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabili izana leporatuta.
Gaur publiko egindako autoan, epaileak dio Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiaren ondotik Fiskaltzak erbestean dauden kontseilari kargugabetuen aurka egindako eskariak justifikatuta daudela.
Belgikako Justiziak dagoeneko jaso ditu Llarena epailearen euro-aginduak. Cominek eta Puigek bere burua entregatzeko asmoa erakutsi dute, baina oraingoz ez dute argitu noiz eta non izango den.
Ponsati, berriz, datorren ostegunean (10:30) joango da Edinburgo erdigunean dagoen Polizia-etxera. Hala baieztatu du haren abokatuak.