Politika -

Elkarrizketa ETB-2n

Erakundeetan 'krisia' sortzea egotzi dio Aresek EAJri

Herrizaingo sailburuaren esanetan, alderdi jeltzaleak PSE-EEren proposamena onartu izan balu, gaur egun udal gobernu asko "egonkorrak" izango lirateke, "babes handiarekin".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak erakundeetan "krisia sortzea" eta "ezegonkortasuna ekartzea" egotzi dio EAJri, eta "PSEren eskua" hartu izan balu, gaur egun udal gobernu asko "egonkorrak" izango liratekeela eta "babes handia" izango luketela gaineratu du.

"Eta orain zalantza ugari daude proiektu estrategiko askoren inguruan, batik bat Gipuzkoan", kritikatu du.

ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, sailburuak deitoratu egin du EAJk Bildurekin akordioak egin izana PSE-EE Lasarteko eta Trapagarango "alkatetza enblematikoetatik" kentzeko

Hori horrela, "iraganeko akatsak" errepikatzea eta berriz "indar nazionalisten batuketa"ren estrategia hartzea leporatu dio.

Aresen hitzetan, EAJk ez zuen "bete" herritarrei emandako hitza Lasarten, hautagaitza kendu eta Bildurenaren alde bozkatu baitzuen, eta "Trapagaranen jakin badakigu aldez aurretiko hartu-emanak egin zituztela".

Horren ildotik, Herrizaingo sailburuak adierazi du EAJk ez duela "iraganetik" ikasi. "Ezberdinen arteko akordioak egin behar dira, baina EAJ Lizarrako garaietara itzuli da", salatu du.

PSE-EEren eta PPren arteko itunei dagokienez, Aresen esanetan, ez dute fronte politikorik osatu, baina biek "terrorismoa eta langabezia bukatzea eta osasun zerbitzuak hobetzeaz gain, edozein alderdik onartzeko moduko helburuak dituzte".

Eskaera Bilduri

Bestalde, Pello Urizar eta Oskar Matute EAko eta Alternatibako buruei eta Bilduko gainerako arduradunei zuzenduta, "bortxa adierazpenak" bukatzeko exijitzea eskatu die. "Adierazpen" horren adibide, Elorrioko zinegotzien aurkako "jazarpena" jarri du adibide, eta "onartezina" iritzi dio.

Izan ere, PPko zinegotziak EAJren alde bozkatu zuen Udala osatzeko saioan, Alkatetza Bilduri kentzeko helburuz, eta koalizioko jarraitzaileek iraindu egin zituzten bi alderdiotako zinegotziak.

Horrenbestez, Urizarrek eta Matutek "jokabide horien aurka argi eta garbi" agertu beharko dutela iritzi dio.

Horren aburuz, EAJk "hausnarketa" egin beharko luke, hauteskundeen ostean PSEk ohartarazi egin baitzuen "denbora" pasatu behar dela Bilduk erakundeetan zer-nolako ardura maila izan dezakeen jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea