Politika -
Auzitara joko du
PPk salatu du Basauriko bozermaileak 'heriotza mehatxuak' jaso zituela
Alderdi Popularrak iragarri du salaketa aurkeztuko dutela Ertzaintzan. Basagoitik azaldu duenez, Bilduko jarraitzaileek "lepoa moztuko" diotela mehatxu egin zioten zinegotziari, hain zuzen ere.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak iragarri du salaketa bat aurkeztuko dutela Ertzaintzan, Basaurin duten bozeramaileak "heriotza mehatxuak" jaso baitzituen udala osatu zen egunean.
Hain zuzen ere, "lepoa moztu" egingo diotela mehatxu egin zioten, buruzagi popularraren hitzetan.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Basagoitik adierazi du hainbat pertsona "kezkatuta" daudela bizkartzain zerbitzua murriztuko dietelako.
Hori horrela, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren hitzak gogora ekarri ditu (arriskua "txikitzen" denean, babes beharra ere "murriztu" behar dela esan zuen), eta PPk bizkartzainen beharra ez duela gustuko esan dio.
Nolanahi ere, Basaurin, Elorrion edo Donostian zinegotizek bizkartzaina izango ez balute, gaur "gertakizun larriagoak" hizpide izango genituzkeela gaineratu du.
Basagoitiren hitzetan, Basauriko bozeramaileari heriotza mehatxu egin ziotenak Bilduko jarraitzaileak dira.
"PPk bakean eta askatasunean bizi nahi du, baina Bilduri protagonismoa eman zaionez eta Batasuna harrotu egin denez, arrisku egoerak sortzen ari dira", salatu du.
Basagoitik nabarmendu du bizkartzain gehien dituztenak "Martin Garitanok bezala pentsatzen dutenak" direla, "ETA ondoan baitaukate".
Bere aldetik, Jose Maria Aguerosek esan du "izugarri mehatxatuta eta jazarria" dagoela: "batzuk ez dira aldatu eta ez dira aldatuko". "Zalantzarik dutenentzat, kale borroka hemen dago", nabarmendu du.
Europa Pressen egindako adierazpenetan, zinegotziak azaldu du larunbateko saioan ez zela istilurik gertatu. Dena dela, kanpora ateratzean, ehun pertsona inguru banderak kenduko zituztela esaten hasi ziren.
Aguerosek alkate berriarekin hitz egiteko esan zien, "eta han hasi zen dena": "Irainka eta lapurrak deitzen hasi ziren, Castrora edo Burgosera alde egiteko, non bizi garen eta denbora gutxi falta zaigula esaten, eta heriotza mehatxuak egiten".
Zinegotziaren esanetan, "handik atera" behar izan zuten. "Ziur nago bizkartzainengatik izan ez balitz, zerbat larri gertatuko zitekeela", gaineratu du.