Politika -

Bartzelona

Indarra 'zilegiki' erabiltzekotan 'ulerkor jokatzeko' eskatu du Masek

Generalitateko presidenteak ohartarazi duenez, "diputatuen segurtasuna bermatu behar dugu". Bestalde, "suminduen" talde bat Bartzelonan bildu da, goizean izandako erasoak gaitzesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ulerkor jokatzeko" eskatu die Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniako herritarrei, "diputatuen segurtasuna babesteko" Kataluniako Parlamentuaren aurrean bildu diren "suminduen" talde baten aurka "indarra zilegiki" erabili behar izatekotan. Honen esanetan, goizean istiluek eragin dutenek "muga gainditu dute eta duintasunik gabe aritu dira".

Asteazken honetako istiluak ikusita, "hausnarketa sakona" egin dezala eskatu dio "suminduen" taldeari, "bide horretatik ez baitute ezer lortuko, herritarren gehiengoaren gaitzespena besterik ez".

"Jende asko suminduta egotea ulergarria da, baina suminduek ez dute zertan duintasunik gabe aritu", nabarmendu du presidenteak. Horrek gogora ekarri duenez, "nahi dutenek bide anitz dute protesta egiteko".

"Suminduek" bide baketsuaren aldeko apustua berretsi dute

Bestalde, 500 "sumindu" inguru Bartzelonako Ciutadella parkean bildu dira, batzar bat egiteko. Bertan, M-15 mugimenduak bide baketsuaren alde egin duen apustua berretsi dute eta goizean izandako erasoak gaitzetsi dituzte.

"Borroka ideologikoa eta politikoa da, ez fisikoa edo militarra", adierazi du bildu direnetako batek. "Ezin dugu galdu orain arte irabazitako sinesgarritasuna", esan du batzarrean hitz egin duenetako beste batek, "eserita eta eskuak gora eutsi behar diogu".

Jazotakoa gaitzetsi du Kataluniako Parlamentuak

Artur Masek agerraldia egin aurretik, Kataluniako Parlamentuko talde guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri du Nuria de Gispert erakunde horretako presidenteak. Testu horrek dioenez, Kataluniako Parlamentuak "argi eta garbi gaitzesten ditu erasoak eta inposaketak". Gainera, alderdi politikoek adierazi dutenez, "ezerk edo inork ez du demokraziaren jarduna geldituko".

De Gispertek irakurritako adierazpenean, "Parlamentua geldiarazteko saiakera guztiak" errefusatu dituzte alderdiek. Haien ustez, "leial jokatzen dugu demokraziarekin eta onartezina da Parlamentuaren lana geldiarazi nahi izatea".

Testuan M-15 mugimenduari aipamenik egin ez badiote ere, hau dio adierazpenak: "Proposamen desberdinak defendatzeko aukera bermatzen du demokraziak, Parlamentuaren barruan eta kanpoan ere, baina inoiz ez inposaketan eta indarkerian oinarrituta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea