Politika -

Nafarroa

Foro Sozialak 'irabazleen eta galtzaileen' eredua gainditzea eskatu du

Biktima guztiei, "diskriminaziorik gabe", egia, justizia eta konponketa eskaintzea, preso edo erbestean dauden 34 pertsonen egoera konpontzea, eta "memoria kritikoa" eraikitzea eskatu du Foroak.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak "irabazleen eta galtzaileen logika" gainditzeko eta eredu "barnehartzailea" defendatzeko deia egin du, "bizikidetza demokratikoa eraikitzeko".

Expe Iriartek eta Fernando Armendarizek prentsaurreko batean azaldu dutenez, "elkarrizketarako, bat egiteko eta bizikidetzarako erreia zabaldu" nahi dute gaurko eskaerekin.

Aitortu dute Nafarroan sektore bat badagoela "bizikidetza barnehartzailearen aurkakoa, pisu handia duena", baina uste dute "Nafarroako gizartearen gehiengoak bizikidetzan oinarritutako etorkizuna" nahi duela.

Bozeramaileek hiru "korapilo" aipatu dituzte oraindik askatzeko daudenen artean: Biktima guztiei, "diskriminaziorik gabe", egia, justizia eta konponketa eskaintzea; preso edo erbestean dauden 34 pertsonen egoera konpontzea, eta "etorkizunari begiratuko dion memoria kritiko partekatua" eraikitzea.

Onartu dute ez direla "zerotik" hasiko, aurreko legegintzaldian lotutako akordioak hor daudelako, preso gaixoen eta gerturatzearen alorrean.

PSNrekin, Geroa Bairekin, EH Bildurekin, Ahal Dugurekin, Ezkerrarekin eta sindikatuekin egindako akordioak izan ziren horiek, eta "oinarrizko kanpaleku" gisa hartzen dituzte, gaur egindako hiru eskaerak lortzeko bidean.

Aurten ere izan omen dute "bilera sorta zabala erakundeetako eta alderdi politikoetako eragileekin", eta datozen asteetan jarraituko dute eragile sindikal eta sozialekin.

Bestalde, 'Hitzorduak' topaketak iragarri dituzte, "hitz egiteko, entzuteko eta parte hartzeko unea" delako. Azaroaren 20ean eta 26ean izango dira topaketa horiek.

Azaroaren 20koan, 'Bizikidetza demokratikoa Nafarroan: Legealdi honetako aukerak eta erronkak' izenekoan, Guillermo Mugica Gogoa Foroko kideak, Vicente Madoz Argibide Fundazioaren sortzaileak eta Camino Osle Iruñeko Udaleko zinegotzi ohiak parte hartuko dute.

Bigarren topaketa Nafarroako Parlamentuan izango da, hilaren 26an, eta Roberto Manrique Hipercorreko ETAren biktimak eta Idoia Zabalza Mikelen arrebak hartuko dute hitza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako albisteak Presoak bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa Terrorismoaren Biktimak Gaur