Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Arabako EAJk 'azalpenak' eskatu dizkio EBri

Iñaki Gerenabarrenak adierazi du alderdiek eurek nahi dutenekin akordioak egiteko eskubidea dutela, baina atzo gertatu zen moduko "ikuskizunak" baztertu egin behar direla gaineratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJko presidenteak "azalpenak" eskatu dizkio Ezker Batuari, atzo lurraldeko Batzar Nagusiak osatzean jazotako polemikaren harira.

Hain zuzen ere, Mahaiaren lehen presidenteorde kargua PSE-EEk lortu zuenean piztu zen ika-mika. Alderdi Sozialistaren arabera, kargu hori eskuratzeko PPren babesa eta EBren boto bat izan zituen, azken alderdi horrekin ere akordioa baitzuen, baina EBkoek euren bi botoak EAJri eman zizkiotela azpimarratu dute.

Are gehiago, EBren ustez, "akatsa" izan da botoak zenbatzean, baina Ganberako abokatuak ukatu egin du.

Hori horrela, Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean, Gerenabarrenak "azalpenak" emateko eskatu dio EBri.

Arabako Buru Batzarreko (ABB) presidenteak adierazi du alderdiek eurek nahi dutenekin itunak egiteko eskubidea dutela, baina itunok azaltzerakoan "ikuskizunik" ez sortzeko eskatu du.

Nolanahi ere, ABBko buruak esan du bere alderdiak EBrekin negoziatzen jarraitzen duela ahaldun nagusia jeltzalea izateko behar diren babesak lortze aldera.

"Negoziazioak bide onetik doazela uste dut, baina horrek ez du esan nahi akordioa bermatuta dagoenik", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea