Politika -
ETAren kontrako borroka
David Pla ETAren arduradunetako bat da, Rubalcabaren esanetan
Urtarrilean iragarritako su-eten "orokor, iraunkor eta egiaztagarriaren" bideoan agertzen zen kideetako bat Pla izan daitekeela uste dute. Guardia Zibilak ETAko ustezko kideen zerrenda berria egin du.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan duenez Guardia Zibilak ETAko ustezko kideen zerrenda berrian David Plaren argazki jarri du, ustez erakundean "ardura handiko postua" duelako.
David Pla, Iratxe Sorzabal eta Izaskun Lesakarekin batera, aparatu politikoko kide "indartsu" dela iritzi dio Guardia Zibilak.
Joan den urteko apirilean, Hendaian atxilotu zuten Pla, ustez ETArekin lotura zuten abokatuen sareko kide zelakoan, baina berehala utzi zuten aske eta ordutik ez da bere berririk izan.
"Poliziak eta Guardia Zibilak ongi ezagutzen duten pertsona da", esan du Rubalcabak.
Urtarrilean ETAk iragarritako su-eten "orokor, iraunkor eta egiaztagarriaren" bideoan agertzen zen kaputxadunetako bat izan daitekeela uste dute.
ETAko ustezko kideen zerrenda berritzea "ohiko prozesua" dela azpimarratu du Espainiako Barne ministroak eta "eraginkortasunaren fruitu" dela gaineratu du. "Terrorismoaren kontra gero eta eraginkorragoak garelako eguneratzen da" eta hori "Poliziari eta Guardia Zibilari esker" lortzen dela azpimarratu du.
"Arriskutsuak diren kideak etxilotzen ditugun neurrian edota erakundean goi karguak dituztela iritzi diogunean berritzen da", erantsi du Espainiako Barne ministroak.