Politika -
Auzitegi Gorena
Frantziak atzera bota du Sorzabal ETAko presoaren tortura salaketa
Erabaki hori hartu du, presoaren tortura testigantza egiaztatu zuen medikuak torturatua izanaren zantzu argiak antzeman zituen arren.
agencias | redacción
Frantziako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iratxe Sorzabal ETAko presoak bere auzia Luxenburgoko Auzitegira eramateko aurkeztutako helegitea. Espainiako Estatuan atxilotu zutenean, 2001eko martxoan, torturapean deklaratu zuela salatu du Sorzabalek.
Sorzabalek torturak jaso zituela argudiatu du Espainiaratzearen aurkako jarrera azaltzeko; izan ere, Parisko Apelazio Auzitegiak onartu egin zuen Espainiaren eskaera aurreko urriaren 9an.
2015etik Frantzian preso dagoen Sorzabalen defentsa abokatuak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eraman nahi zuen kasua, 2016tik indarrean dagoen jurisprudentzia bat baliatuta.
Jurisprudentzia horretan oinarrituta, defentsak dio, presoa Espainiaratu aurretik, Frantziak ikertu egin beharko lukeela euroaginduaren oinarrian dauden inkulpazio frogak torturapean lortu ote ziren.
Defentsaren ustez egiaztatuta dago torturapean deklaratu zuela Sorzabalek Espainian atxilotu zutenean. Istanbul Protokoloa ezartzea onartu zuen Parisko Apelazio Auzitegiak 2017an, eta Pierre Dutertre medikuak torturatua izanaren zantzu argiak antzeman zituen.
Baina hori ez zen oztopoa izan Espainiako Fiskaltzaren euroagindu eskaerari oniritzia emateko. Ministerio Publikoak azpimarratu zuen Espainiako Justiziak errefusatu egin zituela tortura salaketak, Espainian atxilotuta egon zenean auzitegi-medikuek egindako azterketen ostean. Gainera, adierazi zuen ez zegoela Espainian tratu txarrak jasotzeko arriskurik.
Dena dela, Sorzabal ez dute Frantzian duen zigorra bete baino lehenago Espainiaratuko, eta oraindik hiru urte geratzen zaizkio.