Politika -
Auzitegi Nazionala
Terrorismoagatik espetxeratutako lau CDR-ren kartzelatze aginduak, bertan behera
Epaileek espetxeratze aginduak bertan behera uztea erabaki dute, agindu horiek emateko egin ziren saioetan akusatuei ez zietelako oinarrizko informazioa eman.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi ditu terrorismoagatik kartzelatutako 7 CDRetako lauren kartzelatze aginduak, espetxeratzea agindu zen saioetan ez zitzaielako oinarrizko informazioa eman. Hori dela eta, errepikatu egingo dituzte saioak, baina horrek ez du esan nahi libre geratuko direnik.
Manuel Garcia Castellon epaileak biharko deitu ditu lauak (Guillem Xavier Duch, Eduardo Garzon, Xavier Buigas eta Alexis Codina), espetxeratzearen inguruko saioak egiteko, iturri juridikoetatik jakinarazi dutenez.
Auzitegi Konstituzionalak azkenaldian kaleratutako ebazpenetan ezarri duen doktrinan oinarritu dira epaileak erabakia hartzeko; izan ere, sekretupean dauden auzietan epaitegiak oinarrizko informazioa eman behar die akusatuei, defentsarako eskubidea bermatzeko.
Magistratuek ez dute baloratu kartzelara bidaltzeko sakoneko arrazoirik ba ote dagoen, baina atxilotu ostean epailearen esku utzi zituzten uneraino atzera egin beharko dutela uste dute.
Erabakia hartzeko, epaileek saioen grabazioak ikusi dituzte, eta horrela egiaztatu ahal izan dute defentsa abokatuek behin eta berriz salatu zutela oinarrizko informazioa jasotzeko eskubidea urratu zietela.
Era berean, defentsek salatu zuten Miguel Angel Carballo fiskalaren ondokoak espetxeratzea agindu zuenean argudio "generikoak" eta "estereotipoz beteak" erabili zituela, inolako daturik edo arrastorik aurkeztu gabe.