Politika -
Udalen osaketa
Pastor: 'Liskarrak izan ziren udaletxe askotan eta Bildu isildu da'
PSE-EEren bozeramailearen esanetan, hainbat lekutan "Bilduren zinegotzien edo saioetara joan zen publkoaren jarrera iraingarria eta batzuetan oldarkorra izan zen".
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor euskal sozialisten bozeramaileak esan du euskal udalen osaketan liskarrak izan zirela leku askotan, eta, horren aurrean, Bilduk "isilik" jarraitu duela.
PSE-EEren bozeramaileak jakinarazi duenez, Elorrio, Basauri eta Lasarten gertatutakoaz gain, "udaletxe askotan -ez du zehaztu zeintzuk- irainak eta ETAko presoen kartelak izan ziren, eta zinegotzi ez abertzaleen kontra egin zen; ez du prentsak jaso baina gertatu ziren".
Pastorren arabera, "Bilduren zinegotzien edo saioetara joan zen publikoaren jarrera iraingarria eta batzuetan oldarkorra izan zen. Oso eraikigarriak ez diren ikuskizunak izan ziren eta Bilduk ez du ezer esan. Hori da errealitatea, zuzendaritzak gaitzetsi ahal izan zuen eta ez zuen egin".
Bozeramaile sozialistak abisatu du "denbora tarte batez iragana gogora ekarriko diguten egoera asko biziko" ditugula. Hori gertatuz gero, eta Bilduren zinegotziek ez badute egoera normaltasunera eramaten "litekeena da Euskadin eta Espainia osoan Bilduren pedigri demokratikoa zalantzan jarriko duten ahotsak agertzea".
"Hauteskundeen Legeak zera zioen: hautatutako karguen jarrerak legez kanpokoak izatera heltzen badira, posiblea da zinegotzien aktak kentzea, horregatik izan behar dute eurek eskaera handienak egin behar dutenak, jarrera guztiz demokratikoa izan dezaten", esan du Pastorrek.