Politika -
Indarkeriaren amaiera
Ortuzar: 'Gobernuak ETArekin negoziatu behar du'
Andoni Ortuzarren ustez, ezker abertzaleak "indarkeriaren garaia amaitzeko hartu duen erabakiak ETA gelditzea ekarri du eta horrelako aukerak aprobetxatu egin behar dira".
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak uste du Espainiako Gobernuak ETArekin negoziatu behar duela, izan ere, "amarru hori guztia desegiteko unea aprobetxatu behar da, terrorismoa ahazteko eta betirako bakean utz gaitzaten".
Cope irratian egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan duenez, "indarkeriaren garaiari amaiera emateko ezker abertzaleak hartu duen erabaki irmoak ETA gelditzea ekarri du eta aukera hori aprobetxatu egin behar da".
Buruzagi jeltzaleak gaineratu du ez duela uste Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernua ETArekin negoziaketan ari dela, gerora Rubalcabak ETAren amaiera hauteskundeak irabazteko argumentu bezala erabil dezan. "Gobernuak beldurra dio iritzi publikoak balizko negoziazio bat ematen ari dela jakiteari, baina nik uste dut Gobernuak negoziatu egin behar duela", erantsi du.
"ETArik gabeko etorkizuna nahi dugu, hori ahalik eta azkarren gertatzea nahi dugu eta bidea hori dela uste dugu, ezker abertzalearen eboluzioa azkarragoa izatea nahiko genukeen arren", azaldu du.
Ortuzarrek azpimarratu duenez, "indarkeria desagerrarazteko hasitako bideak ez dauka atzera bueltarik".
Patxi Lopezen Gobernuari dagokionez, Ortuzarrek esan du "nokeatuta" dagoela, "lidergorik ez daukalako". Jaurlaritzan "giltza" PPk daukala deitoratu du eta EAJren lehentasuna hauteskundeak aurreratzea ez dela esan du.
"Maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean, argi dago PSE-PP koalizioak ez duela boto nahikorik izango Ajuria Enean mantendu ahal izateko", nabarmendu du.
2012ko Estatuko aurrekontuen kasuan, EAJk Gobernuarekin negoziatuko dituela onartu du eta PPren jarrera kritikatu du. "Alderdi Popularrak gutxiengo akordio bat erdietsi beharko luke, Estatu espainiarra salbatu nahi badu; azkenean, EAJ bezalako alderdi abertzale bat da erantzukizun gehien erakusten ari dena", adierazi du.