Politika -

Sanchezen inbestidura

Sanchezi babesa eman ala ez erabakiko dute gaur ERCko militanteek

Zehazki, Espainiako jarduneko presidentearen inbestidura ahalbidetzeko bi gobernuen arteko negoziazio-mahaia sortzea ezinbestekoa den edo ez erabakiko dute. 20:00ak arte eman dezakete botoa.

Gabriel Rufian, ERCk Kongresuan duen bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Gabriel Rufian, ERCk Kongresuan duen bozeramailea.
Gabriel Rufian, ERCk Kongresuan duen bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCren militanteak barne-galdeketa batean parte hartzera deituta daude gaur, astelehena, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidura ahalbidetzeko bi gobernuen arteko negoziazio-mahaia sortzea ezinbestekoa den edo ez erabakitzeko.

ERCk irailean egindako erroldaren arabera, 9.516 militantek izango dute gaur elektronikoki botoa emateko aukera, eta galdera honi erantzun beharko diote: "Ados al zaude Pedro Sanchezen investidura errefusatzearekin, aurretik ez badago akordiorik Estatuko gatazka politikoa negoziazio-mahai baten bitartez konpontzeko?". Militanteek 20:00ak arte eman dezakete botoa.

20:30ean, Marta Vilalta ERCko bozeramaileak agerraldia egingo du, eta galdeketa horren emaitzak jakinaraziko ditu. Negoziazio-mahairik ez badago, Sanchezen inbestidurari ezezkoa ematea gailentzea espero da. Ildo horretatik, ERCk eta PSOEk aste honetan hasiko dituzte akordioa bilatzeko elkarrizketak.

Elkarrizketa horietan, ERCren aldetik, Marta Vilalta ERCko idazkari nagusiaren ondokoa eta Josep Maria Jove Kontseilu Nazionaleko presidentea eseriko dira Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramailearen alboan.

Sozialisten aldetik, berriz, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusia, Salvador Illa PSCko Antolakuntza idazkaria eta Jose Luis Abalos Sustapen ministro eta PSOEko Antolakuntza idazkaria edo Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea egongo dira bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès