Politika -
UPN-PSN akordioa
Abortuaren legeak lehen tirabira sortu du UPNren eta PSNren artean
Yolanda Barcinak (UPN) eta Roberto Jimenezek (PSN) eztabaida izan dute prentsaurreko batean, bi alderdiok sinatutako akordioaren abortuari buruzko puntuaren inguruan.
Erredakzioa
Abortuaren legeak lehen tirabira publikoa ekarri du gaur Yolanda Barcina UPNko buru eta Nafarroako Gobernuko hurrengo presidentearen eta Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren artean.
BI buruzagiek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, koalizio Gobernua osatzeko akordioa sinatu eta gero.
Polemika abortuaren puntua azaltzean etorri da. Izan ere, Barcinak adierazi du akordioan bi alderdion jarrerak sartzen direla.
Une horretan, Jimenezek iragarri du Nafarroan abortatu ahal izango dela: "Akordioa oso argia da, irakurtzea baino ez da egin behar, zuen esku duzue: ''Bermatu egingo dira osasun-prestazio guztiak'', eta haurdunaldia borondatez etetea osasun-prestazioa da. Horrenbestez, Nafarroan abortatu ahal izango da".
Adierazpenak ezustean harrapatu ditu kazetariak, eta Barcinak Jimenezen hitzak zuzendu egin ditu: "Ez da ezer aldatuko". Abortatu nahi duten emakume nafarrek beste ekidegoetara joaten jarraitu behar duten galdetu diote, eta hark erantzun du klinika pribatu bat dagoela Antsoainen.
"Berriz diot, gaia oso argi dago, abortua osasun-prestazioa da", nabarmendu du Jimenezek.
Ondoren, baina, Barcinak amaitutzat eman du eztabaida, eta beste galdera bat egitea eskatu die kazetariei.