Politika -

Autogobernuaren eguneratzea

Euskal errealitate nazionala aitortzeko agertoki egokia ikusten du Urkulluk

"Legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa errespetatuta, erabakitzeko ahalmena eta akordioak lortzeko betebeharra" aldarrikatu ditu lehendakariak.

Lehendakaria, hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria
Lehendakaria, hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Estatuan zabaldu den agertokia "egokia izan daiteke euskal autogobernu berezia lurralde aniztasunaren eredu berri batean txertatzeko, eta euskal errealitate nazionala aitortzeko".

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) autogobernua eguneratzeko Estatuarekin "aldebikotasuna" behar dela nabarmendu du Urkulluk, eta "begirada luzea" eskatu du euskal gizartearen "nazio sentipenaren aniztasuna errespetatuko duen elkargune" bat erdiesteko.

Adierazpenok El Correo egunkariak antolatutako jardunaldi batzuetan egin ditu lehendakariak.

"Ez dago adostutako konponbidea baino konponbide hoberik", adierazi du lehendakariak. Urkulluren hitzetan, "legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa errespetatuta, erabakitzeko ahalmena eta akordioak lortzeko betebeharra dago".

"Hauteskundeek agerian utzi dute, berriro ere, gehiengo soziala desberdina dela Katalunian, Euskadin eta Estatuan. Aniztasuna nagusitu da, desberdinak gara. Desberdintasuna onartzea eta errespetatzea elkarbizitza proiektu baterako oinarrizko printzipioa da. Errespetua-Begirunea, aitortza, elkarrizketa eta elkar entzun-ulertzeko prestutasuna da estremismoari eman dakioken erantzunik onena. Horixe da etengabeko tentsioaren eta demagogiaren aldeko apustua egiten duenari, bizikidetza-esparrua hautsi nahi duenari, eman beharreko erantzuna", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua