Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Hauteskunde orokorrak 2012ko martxorako baieztatu ditu Jaureguik

"Indarkeriaren amaieran 'the end' bat agertu eta pelikulen antzekoa izango dela uste duenak , ez du ezer ulertzen eta ez du arazoa ezagutzen", esan du.

Ramon Jauregui Presidentetzako ministroa, elkarrizketan. Argazkia: EITB
Ramon Jauregui Presidentetzako ministroa, elkarrizketan.
Ramon Jauregui Presidentetzako ministroa, elkarrizketan. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorrak 2012ko martxoan izango direla baieztatu du Ramon Jauregui Presidentetzako ministroak. Jaureguiren iragarpena iragan ostiralean Gobernuak negoziazio kolektiboaren erreforma onartu eta gero iritsi da, EAJ eta CiUren laguntzarekin, erkidegoetako hitzarmenen lehentasuna adostuta.

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Jaureguik "azken orduko" negoziazioak egin zituztela azpimarratu du. Bertan "balizko zuzenketak" adostu zituzten "talde nazionalistekin, hauek baitira Espainiarentzat garrantzizkoak diren gauzetan Gobernuari babesa ematen diotenak, eta ez PP".

Ministroaren iritziz, "gertatutakoa oso naturala izan zen, EAJrekin eta CiUrekin elkarrizketatu ginen, batez ere EAJrekin", eta lege dekretuan egin beharreko zuzenketek "erkidegoetako negoziazio kolektiboaren inguruko hausnarketak ere" jasotzea adostu zuten.

Gobernuaren ordezkariaren hitzetan, "hori oso zentzuzkoa da, baita autonomia erkidego baten ikuspegitik ere, EAEren ikuspegitik esaterako, autonomia edo lurralde mailan sindikatuen lana eta negoziatzeko kultura oso garatuta baitago".

Bildu eta indarkeriaren amaiera

Bestalde, "Bilduren politika araudiaren barruan ez badago eta "kasualitatez indarkeria itzuliko balitz eta eurek gaitzetsi ez edo babesa emango baliote, legez kanpo utzi beharko genituzke", azpimarratu du ministroak.

Bilduko Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi aukeratzeak "beste garai batean sartu garela esan nahiko luke, eta baliteke indarkeriaren amaierarako erabakigarria izatea", esan du Jauregik.

Bere hitzetan, "indarkeriaren amaiera ematen ari den moduan imajinatzen dut. Amaiera hori gauetik goizera emango zela eta bukaeran ''the end'' bat agertuko zela, pelikulen antzean, uste duenak ez du ezer ulertzen, ez daki arazoa zein den".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea