Politika -
Ekitaldiak
Bilbok eta Donostiak indarkeria guztien biktimak omendu dituzte
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, alderdi guztietako ordezkariek bat egin dute biktimei omenaldia egiteko.
agentzia |erredakzioa
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Bilboko eta Donostiako udalek Euskal Herrian izan diren indarkerien biktimen aldeko omenaldiak antolatu dituzte gaur.
Hala, Bilboko ekitaldian Espainiako Gobernuko ordezkariak eta alderdi politiko nagusi guztietakoak, PPkoak izan ezik, izan dira, ETAren edo Segurtasun Indarren esku hildako pertsonen senideekin batera.
Bizkaiko hiriburuko Udalak antolatutako omenaldian lore eskaintza egin dute Casilda Iturrizar parkean jarritako monolitoan.
Dori Monasterio, ETAk hildako taxilari baten alaba, Txema Agirre eta Alfonso Mentxaka ETAk 1997an eta 1991n hildako ertzainen anaiak, Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada batek hildako gaztearen gurasoak, eta Poliziaren eskuetan hildako Francisco Javier Nuñezen, Francisco Javier Batarritaren eta Antonio Fernandez Elorriagaren senideak izan dira, besteak beste.
Bilbo Bakearen eta Bizikidetzaren alde Foroko kideak dira denak. 2017an sortutako foroan daude Udaleko alderdi guztiak, PP izan ezik.
Ekitaldiaren amaieran, Fermin Monasterioren biloba batek Bernardo Atxagaren poema bat irakurri du, hau azpimarratzeko: "Bizitza bizitza da, handiena; kentzen duenak, kentzen du dena".
Donostia
Donostiako udaleko ia kide guztiek egin dute, alderdi politiko guztietako bozeramaileekin, lore eskaintza udaletxearen parean dagoen biktimen omenezko monolitoan.
Nekane Arzalluz alkatearen ondokoa izan da ekitaldiaren buru, Eneko Goia alkatea Madrilen baita COP25 goi-bileran.
Jon Insasuti (EAJ), Reyes CArrere (EH Bildu) eta Ernesto Gasco (PSE-EE) bozeramaileek, eta Borja Corominas (PP) eta Haizea Garay (Elkarrekin Podemos) zinegotziek utzi dituzte loreak indarkeriaren biktimak oroitzen dituen artelanaran ondoan.
Udaleko kideak eta udaletxeko langileak eguerdian joan dira monolitoaren ingurura elkarrekin, txistularien atzetik, eta bost minutuko isilunea egin ostean, txistularien doinu artean utzi dituzte loreak banan-banan.