Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Aste erabakigarria, Pedro Sanchezen inbestidurarako

Agenda politikoan hainbat gako izango dira datozen egunetan. Ikusi egin beharko da nola eragiten duten horiek PSOEren eta ERCren arteko negoziaketan, azken horien abstentzioa behar baitu Sanchezek.

Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez artxiboko irudi batean.
Pedro Sanchez artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ate joka dugun astea erabakigarria izango da Pedro Sanchezen inbestidura bideratzeko. Inbestidurako eztabaidak ez du oraindik datarik, buruzagi sozialistak nahikoa babes izango ote duen jakin behar baitu aurretik. Gakoa, ERCk abstentzioa emango duen edo ez argitzea da, behar-beharrezkoa baita hori Espainiako Gobernu berria eratzeko.

Felipe VI.ak inbestidurara aurkezteko enkargua eman eta gero, Meritxell Batet Kongresuko presidenteari dagokio inbestidurarako eguna jartzera. Lehen bozketan gehiengo osoa beharko du Sanchezek presidente izateko, baina nahikoa luke gehiengo soila bigarren bozketan (aldeko boto gehiago kontrakoak baino).

Asteko agenda politikoa oso beteta dator. Hainbat hitzordu garrantzitsu daude eta horiek PSOEren eta ERCren negoziaketan eragina izan dezakete.

Jose Luis Abalos PSOEko antolakuntza idazkariak igande honetan ohartarazi duenez, Pedro Sanchezen inbestidura aurrera ateratzen ez baldin bada elkarrizketaren bidez Kataluniako gatazka konpontzeko aukera galduko lukete; izan ere, "elkarrizketarako aukerarik ez dagoela demostratuko lukete".

"Orain da unea eta ez dakit besterik egongo ote den, baina horretan datza trebetasun politikoa: abaguneak aurkezten direnean argi identifikatzen jakitean. Ondorioz, erabaki bat hartu behar badugu, batez ere erabaki ausarta baldin bada, berehala egiteko gomendioa eman nahi dut", adierazi du Abalosek PSCren XIV. biltzarraren amaieran.

Bestalde, Pere Aragones Generalitateko presidenteorde eta ERCko koordinatzaile nagusiaren ahotan, proces auzian zigortutako presoen askatasunak Kataluniako gatazkari heltzeko elkarrizketa mahai gainean egon beharko luke.

Aragonesek La Vanguardia egunkarian azpimarratu duenez, sozialistekin izaten ari diren negoziazioan ERCk "errepresioa amaitzea" eskatu du. "Modu guztiz bidegabean zigortutako pertsonentzako irtenbideak aurkitzea" aldarrikatu du Aragonesek elkarrizketan.

Horrela gauzak, hiru gako izango dira: Lehenik eta behin, Sanchezen alderdietako buruzagiekin eta presidente autonomikoekin egin behar duen erronda; bigarrena, Kataluniako agenda, ERCko buru Oriol Junquerasen egoera eta alderdiaren kongresua; eta hirugarren, ERCrekin garatzen ari diren elkarrizketa.

Astelehenean, Casadorekin eta Arrimadasekin bilera

Astelehen honetan bi hitzordu garrantzitsu ditu Pedro Sanchez funtziotan den Espainiako presidenteak. Izan ere, bilera du Pablo Casado PPko buruzagiarekin eta Ines Arrimadas Cseko bozeramaile parlamentarioarekin.

Casado behin baino gehiagotan kexatu da azaroaren 10ean hauteskundeak izan zirenetik PSOEko buruak ez duelako berarekin hitz egin. Biharko topaketan pertsonalki esan ahal izango dio ez dagoela ados "Kataluniako independentistengana hurbiltzearekin".

Ciudadanosen jarrera ere garrantzitsua da, bere 10 diputatuak abstenitzeko konpromisoa hartuz gero, beste norabide bat har dezaketelako Sanchezen babes bilaketak.

Eskuinaren esparru politikoan inondik inora lagunduko ez diona Vox da, errondan parte hartzeari ere uko egin baitio.

Asteartetik aurrera Adriana Lastra PSOEko bozeramaile parlamentaria arduratuko da gainontzeko alderdi politikoetako buruzagiekin hitz egiteaz.

Asteartean, Urkulluri eta Torrari deituko die

Pedro Sanchezek iragarritako elkarrizketa errondan, autonomia erkidego guztietako presidenteak ere sartzen dira, Quim Torra barne, duela urtebetetik harremanik ez duten arren.

Asteartean, abenduak 17, ekingo die dei deiei. Aurrena Iñigo Urkulluri deituko dio eta gero Torrari, Erkidego Autonomoen Autonomia Estatutuen onarpen ordenaren protokoloari jarraituz.

Ostegunean, EBk Junquerasen inmunitatearen inguruko ebazpena kaleratuko du

Alderdi zein presidente autonomikoekiko elkarrizketei ekin ostean, ostegunean iritsiko da giltzarria izan daitekeen erabakia. TJUE Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Gorenak ebazpena kaleratuko du Oriol Junqueras ERCko buruzagiaren inmunitatearen inguruan.

Junqueras europarlamentario hautatu zuten maiatzaren 26ko hauteskundeetan, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez zion akta hartzen utzi. Europar Batasuneko abokatu nagusiak esan zuen bezala, Junqueras eurodiputatu kontsideratu behar ote den erabaki behar du orain TJUEk.

Erabakia oso garrantzitsua da, bere kasua argitzeaz gain, erabakiak eragina izan dezakeelako Belgikara ihes egin zutelako Gorenak epaitu ezin izan zituen JxCATen bi europarlamentarioen kasuan ere: Carles Puigdemont presidente ohiaren kasuan eta Antoni Comin kontseilari ohiaren kasuan, hain zuzen ere. Ebazpena aldekoa bada, inmunitate parlamentarioa eskura dezakete.

Larunbatean, ERCren Kongresua

Asteari amaiera emateko, ERCren Kongresua izango da abenduaren 21ean eta 22an. Kongresu honetan erabakitzen denak zeharo baldintzatu dezake katalanek PSOErekin darabilten negoziaketa.

Sozialistak beldur dira Kongresu horrek zaildu egingo ote dituen elkarrizketak, akordioa ezinezko egingo lukeen dokumenturen bat onartuko balute, adibidez; baina asanblada gaindituz gero, negoziaketa azkartu daitekeela ere ikusten dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès