Politika -
'Bateragune' auziaren epaiketa
Ezker abertzalea: 'Epaiketa honekin gure apustua deuseztatu nahi dute'
Ezker abertzaleak salatu du hasi duten prozesua "suntsitu" nahi duela Estatuak datorren ekainaren 27an hasiko den "Bateragune" auziko epaiketarekin.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak salatu du 2009ko urrian egindako polizia operazioarekin eta datorren astelehenean (ekainak 27) "Bateragune" auzia dela eta hasiko den epaiketarekin, Estatuak beren apustu politikoa "bertan behera utzi" nahi duela; "blokeoarekin eta konfrontazio egoerarekin" haustea helburu zuen apustua, hain zuzen ere.
Miren Legorburu, Tasio Erkizio, Niko Moreno eta Aitor Bezares ezker abertzaleko ordezkariek prentsaurreko bat eskaini dute Donostian Rafa Diez Usabiaga, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra auziko prozesatuekin batera. Prozesatuta dauden beste hainbat ordezkari ere falta ziren espetxean daudelako, tartean Arnaldo Otegi.
Ezker abertzalearen ustez 2009ko polizia operazioarekin hasi berria zegoen estrategia aldaketa prozesua eten nahi zuen Estatuak; bide politiko eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoetan zetzan apustuak eta "ikusi da zer nolako dimentsioa zuen", gaineratu dute.
Edozein kasutan, "eraso eta probokazio guztien gainetik" ezker abertzalearen politika "atzera ezinezkoa" dela berretsi dute eta nazioarteko komunitatearekin eta euskal gizartearekin hartu duten konpromisoa ez dela inondik inora aztoratuko gaineratu dute.