Politika -
Auzitegiak
Gorenak kondena murriztu dio Amaiurreko senatari bat zauritu zuen ertzainari
Hain zuzen ere, auzitegiak bi urtetik sei hilabetera murriztu dio. Gainera, kendu egin dio karguan aritzeko debekua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak bi urtetik sei hilabetera murriztu dio espetxe zigorra Amalur Mendizabal Amaiurreko senatari ohia borra kolpe batez zauritu zuen ertzainari.
Agenteak helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak emandako epaiaren aurka, eta, orain, Gorenak bi aringarri onartu ditu: alde batetik, ertzaina "betebeharrak gauzatzen" ari zela eta egoerak haren erantzukizuna "murrizten" duela; eta, bestaldetik, auziak "bidegabeko atzerapenak" izan dituela, lehen epaia bost urtera etorri zelako.
Gainera, Gorenak kendu egin dio karguan aritzeko debekua, agentearen jokaera "egoera berezien, gogorren eta latzen ondorioz baldintzatuta" egon zelako. Nolanahi ere, goi auzitegiak eutsi egin die Gipuzkoako epaileek ezarritako 3.600 euroko kalte-ordainei.
Epaiak Susana Poloren boto partikular bat du. Epailea kondena murriztearen aurka agertu da, "betebeharrak gauzatzen" ari zen aringarria ezartzeko baldintzak betetzen ez direlakoan.
Testuingurua
2013ko irailaren 30ean, Guardia Zibilak operazioa abiatu zuen Herrira plataformaren aurka. Haren Hernaniko egoitza miatu eta hainbat lagun atxilotu zituen.
Epaiaren arabera, agenteak eta atxilotutako pertsona batzuk kalera atera zirenean, Kale Nagusian protestak eta istiluak izan ziren, Juan Urbieta kalean ez bezala. Bertako giroa lasaiagoa zen, eta bertan zegoen, hain justu, Amalur Mendizabal, orduan Amaiurreko senatari zena.
Egun horretan grabatutako irudietan ikus daitekeenez, kondenatutako ertzainak kolpea eman zion Mendizabali buruan, borra batekin. Irudiotan, buruan odoletan agertzen zen senatari abertzalea.