Politika -
Agerraldia Legebiltzarrean
Ertzaintza: 'Alerta jihadistaren maila jaisteak ez du esan nahi erlaxatuko garenik'
Juan Vicente Bilbao Ertzaintzaren ikerketa kriminalerako burua zenak eta Segurtasun sailburuak uste dute alerta maila "malgutu" eta "lekuaren arabera moldatu" beharko litzatekeela.
Agentziak
Juan Vicente Bilbao Ertzaintzaren ikerketa kriminalerako buru ohi eta gaur egun Polizia Zientifikoko Unitateko buruzagia denak Eusko Legebiltzarrean esan duenez, "alerta jihadistaren maila jaisteak ez du esan nahi Ertzaintza erlaxatuko denik".
PPk hala eskatuta, agerraldia egin du Bilbaok Legebiltzarreko Segurtasun batzordean, irailaren 10ean Radio Euskadin egindako adierazpen batzuen inguruan azalpenak emateko. Elkarrizketa hartan, alertaren maila "malgutu" eta "lekuaren arabera moldatu" beharko litzatekeela esan zuen, maila berari denbora luzean eusteak "neurriek eraginkortasuna gal" dezaketelako.
Bilbaorekin batera, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua izan da batzordean. Azaldu duenez, terrorismo mota horren aurrean bideratu beharreko baliabideak astero aldatzen dira, egoeraren arabera.
Ertzainburuaren esanetan, terrorismo jihadista "ezin da aurreikusi, baina horrek ez du esan nahi beti beldurrarekin bizi behar garenik".
Nabarmendu duenez, "Euskadi ez da terrorismo islamistaren jomuga", baina halere, Ertzaintza lanean ari da, prebentzioan zein aurre egiteko orduan.
Horregatik, neurri horiek malgutzearen alde egin du, aztertutako inguruabarren arabera. "Beste batzuek proposatzen dutena ez bezalako maila bat proposatzeak ez du esan nahi lasaitzen garenik", azpimarratu du.
Ildo beretik mintzatu da Segurtasuneko sailburua, eta adierazi du EAEk 3. mailako neurriak erabili ditzakeela, Estatuan indarrean dagoen 4. mailan nahitaez mantendu beharrean.