Politika -

Eguerdian hasiko da

Zapatero, azkenekoz Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan

Zapateroren eta Rajoyren arteko azken norgehiagoka handia izango da, baina aurreko urteetan baino interes txikiagoa piztu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak azken aldiz hartuko du parte gaur Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan.

Saioan, Mariano Rajoy PPko presidenteak hauteskundeak aurreratzea eskatuko dio berriz, eta merkatuen presioa ere giroan izango da.

Bi buruzagien arteko azken norgehiagoka handia izango da, baina badirudi interesa aurreko urteetan baino txikiagoa izango dela. Izan ere, Zapatero ez da aurkeztuko hauteskunde orokorretara, eta ez da espero inolako iragarpen garrantzitsurik haren partetik, Moncloako iturriek azaldu dutenez.

Zapaterok bere agintaldiko balantzea egingo du, eta azken urteetan hartutako neurriak defendatuko ditu, etorkizuneko proposamenen defentsa Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistak egin beharko baitu.

Eztabaidaren gida

Eztabaida eguerdian hasiko da, eta Zapaterok hitz egingo du aurrenen, denbora muga barik.

Ostean Rajoyren txanda izango da. Aurten, badu abantaila bat: bere alderdiak maiatzaren 22ko foru eta udal hauteskundeetan lortutako emaitza onak. Bere hitzaldian, herrialdeak txarrera egin duela, krisia konpondu gabe dagoela eta Espainian 5 milioi langabe daudela argudiatuko du.

Rajoyren ondoren gainerako taldeek hitz egingo dute, handienetik txikienera eserleku kopurua kontuan hartuta, PSOEk izan ezik, azkena izango baita.

Eztabaida bihar goizean jarraituko dute, eta ostegunean ebazpen proposamenak eztabaidatuko dituzte.

Aurten, ebazpen horiek ez dute balio handirik izango, gutxi falta baita agintaldia bukatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea