Politika -
Elkarrizketa 'Egunon Euskadi'n
Azkunak 'norabide berean lan egitea' eskatu die alderdi eta erakundeei
Bilboko alkateak ohartarazi duenez, "bakoitza bere aldetik badoa, desastre hutsa izango da". "Krisia gainditzea eta enplegua eta enpresak sortzea" izango da Azkunaren agintaldiaren "proiektu handia".
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak asteazken honetan ohartarazi duenez, Espainiar estatuko eta Europako egoera ekonomikoa "zitala" da. Hori dela eta, erakundeek, alderdiek eta herritarrek "ergelkeriak alde batera uztea eta guztiek norabide berean lan egitea" izango da "irtenbide bakarra" da. Bilboko errejidoreak ETB-2ko "Egunon Euskadi" saioan eskainitako elkarrizketan baieztatu duenez, "bakoitza bere aldetik badoa, porrot hutsa izango da; norabide berean egin behar dugu lan eta hori ez da horrela gertatzen ari".
Bilboko Udalak agintaldi honetarako izango duen "proiektu nagusia", historian lehen aldiz EAJk gehiengo osoarekin eta Udalak batere zorrik gabe abiatuko duen agintaldi honetarako "proiektu nagusia", "krisia gainditzea eta lanpostuak, aberastasuna eta enpresak sortzea" izango da.
Abiadura handiko trenari dagokionez, Bilbora Abandoko geltoki berria amaitu baino askoz ere lehenago iritsiko dela aurreratu du Azkunak, baina, horren ustez, azken tartea egin gabe egoteagatik "bidaiak bost edo hamar minutu gehiago irauteak ez du arazorik eragingo".
Euskal kutxen bat-egiteaz galdetuta, Azkunak adierazi du erakunde berria ez dela paritarioa izango, "kutxa handi bat" (BBK) eta "bi txiki" (Kutxa eta Vital) baitaude. "Bizkaitarrak oso eskuzabalak izan ginen Eusko Legebiltzarreko 25-25-25 banaketarekin (lurralde bakoitzari ordezkari kopuru bera ematen dio, eta, hori dela eta, arabar baten botoak bizkaitar batenak baino lau aldiz gehiago balio du), baina hori politika da, eta kutxak, merkatua eta dirua", gaineratu du.
k.