Itxi

2019/12/24

16:03

Politika

KATALUNIA

Berehala askatzeko eskatu dio Junquerasek Auzitegi Gorenari

agentziak | erredakzioa

ERCko buruzagiaren abokatuak Auzitegi Gorenera igorritako idatzian, halaber, Kataluniako independentzia prozesuaren kontrako epaia baliogabetzea eskatu dute.

1:27
Oriol Junqueras / EiTB
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Oriol Junqueras ERCko buruzagiak eta Generalitateko presidenteorde kargugabetuak berehala aska dezatela eta Kataluniako prozesu independentistaren auzian emandako epaia baliorik gabe uzteko eskatu du.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ekainean eurodiputatu izendatu zutenetik immunitatea zeukala ebatzi ostean, Andreu Van den Eynde abokatuak Junquerasen aldeko idatzia igorri dio gaur Espainiako Auzitegi Gorenari.   

Defentsak gogora ekarri du Junqueras behin-behineko espetxealdian zegoela ofizialki eurodiputatu aldarrikatu zutenean, eta herrialde batek europarlamentari baten funtzioak galarazi ezin dituela azpimarratu du.

Areago, interpretazio desadostasunik izanez gero, Europar Batasunaren zuzenbidea edozein herrialderen arau juridikoen gainetik dagoela erantsi du abokatuak.

Gauzak horrela, Europako hauteskundeetako emaitzak ofizialki baieztatu zirenetik, hots, ekainaren 13tik, Van den Eynde abokatuak eskatu du ordutik aurrerako prozesu judizial guztia baliogabetzeko, eta, ondorioz, urriaren 14an Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten auzian Junquerasi ezarritako zigorra bertan behera uzteko. 13 urteko espetxealdia eta gaitasun-gabetzea ezarri zizkioten.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak Junquerasen oinarrizko eskubideak urratu zituen, eurodiputatu gisa aitortu ez zuelako, eta, ondorioz, immunitatea ukatu ziolako. Legea aintzat hartuta, behin-behineko espetxealdia kendu eta Europako Parlamentura diputatu akta hartzera joateko baimena eman behar zioten Junquerasi.

Hortaz, Junqurasek Europar Parlamentura joateko eskubidea daukala nabarmendu du haren abokatuak Gorenari bidalitako idatzian.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;