Politika -

Alokairuaren prezioa

EH Bildu: 'Etxebizitza merkatuko espekulazioa ontzat eman du Eusko Jaurlaritzak'

Alokairuaren prezioa mugatzeko lege-proposamena aurkeztu zuen koalizio soberanistak, baina Eusko Jaurlaritzak ekimena tramitatzea baztertu du.

EH Bilduk azaroan aurkeztu zuen alokairuaren prezioak mugatzeko ekimena. Argazkia: @ehbildu_legebil
EH Bilduk azaroan aurkeztu zuen alokairuaren prezioak mugatzeko ekimena.
EH Bilduk azaroan aurkeztu zuen alokairuaren prezioak mugatzeko ekimena. Argazkia: @ehbildu_legebil

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzaren alokairuaren prezioa mugatzeko EH Bilduk aurkeztutako lege-proposamena tramitatzea baztertu du gaur, osteguna, Eusko Jaurlaritzak, eta, erabaki horren aurrean, higiezinen merkatua “espekulaziorako gune izaten jarraitzea” ontzat jotzea leporatu dio ezker abertzaleak Urkulluren gobernuari.

Izan ere, etxebizitzaren alokairuaren prezioa mugatzeko EH Bilduren lege-proposamena tramitatzearen aurka agertu da Eusko Jaurlaritza, Euskadin, alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko asmoa zaildu dezakeela iritzita.

Hala, Urkulluren gobernuak ekimen horri ezezkoa emateko erabili dituen arrazoiak baztertu ditu ezker abertzaleak. “Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko egiten duen apustua bateragarria da guztiz alokairuen prezioak mugatzearekin. Hemen, alokairuaren arazoa ez dela Bartzelonan edo Madrilen bezain larria argudiatzea errealitatea bera ukatzea da, hemengo zonalde batzuk Estatuko garestienen artean daudelako, eta neurriak berehala hartu behar dira, beranduegi izan aurretik”, esan du EH Bilduk ohar batean.

Hala, EH Bilduren lege-proposamenari ezezkoa emanda, “Eusko Jaurlaritzak ezezkoa ematen dio, baita ere, Euskal Zuzenbide Zibila garatzeari eta horrek zabalik uzten dituen aukerak baliatzeari. Auzitegi Konstituzionalak berak ere berezko izaera duen kode zibila garatzeko aukerak onartu berri ditu Katalunian; ondorioz, are eta ulergaitzagoa da Jaurlaritzaren ebazpena”.

Gainera, jarrera hori, Etxebizitza sailburuordeak Alokairuko Etxebizitzen Parke Publikoa (22.000 etxebizitza) Etxebiden erregistratutako eskariari erantzuteko (55.000) nahikoa ez dela onartu duen egun berean hartu duela azpimarratu du ezker abertzaleak.

"Hau da, Jaurlaritza ez da alokairuaren arazoa arlo publikotik konpontzeko gai eta, gainera, arlo pribatuan prezioak mugatuz esku hartzeari uko egiten dio. Finean, ontzat ematen du etxebizitza merkatuak espekulaziorako esparrua izaten jarraitzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza gaur