Politika -
Batzar Nagusia azaroaren 12an
EBren asanblada baliogabetu du alderdi horren Bermerako Batzordeak
Hala jakinarazi dute Ezker Batuko militante historikoek. Gainera, Mikel Aranak iragarritako asanblada nagusia egiten bada, auzitegietara joko dutela ohartarazi dute.
Erredakzioa
EB-Berdeakeko militante historikoek, tartean Kontxi Bilbaok eta Jose Navasek, gaur jakinarazi dutenez, alderdiaren Bermerako Batzordeak baliorik gabe utzi du Mikel Aranak azaroren 12rako iragarri zuen asanblada nagusia eta afiliatze-prozesua.
Gainera, EBren kontrolerako organoak erabakitakoa betetzen ez bada eta Mikel Aranak "alderdi barruko adostasunaren alde" egiten ez badu, auzitegietara joko dutela nabarmendu dute.
Bilbaok eta Navasek azaldu dutenez, joan den ekainaren 3an burutu zen EBren Kontseilu Politikoak "ez du baliorik, ezta zilegitasunik, alderdiaren estatutuak errespetatzen ez dituelako eta, eskubide osoko kideei - Bizkaiko Lurralde Auzitegiak esanda- akreditazioak hartzea galarazten zaielako".
Horrez gain, "afiliatzeko prozesu berriak estatutuak eta pertsona afiliatuen oinarrizko eskubideak urratzen ditu, asanblada nagusi baterako delegatuak aukeratzeko hauteskundeetan sufragio aktiborako eta pasiborako eskubidea ukatzen zaielako", salatu dute.
"EBko kide garen pertsonok ez dugu zertan berriro afiliatu behar", azpimarratu dute. Kontxi Bilbaok eta Jose Navasen iritzian, inork ezin die delegatu izatea ukatu, ezta asanbladan euren ordezkaria nor izan behar den erabakitzea galarazi.
Horiek horrela, Mikel Aranak bi aukera dituela esan dute: "edo adostasunaren bidetik jo edo zatiketaren bidea hartu". Bakea EBren baitan bilatzeko deia luzatu diote Aranari, asanblada nagusi bat eginda nahikoa ez delako.