Politika -
Adierazpena
ETAko preso disidenteek adiskidetze neurriak eskatu dizkiote Bilduri
Joseba Urrosolo Sistiagak, Carmen Gisasolak eta beste hainbat presok biktimen aldeko "neurriak" hartzeko eta ETAren iraganaz "hausnarketa kritikoa" egitea eskatu dute.
Erredakzioa
ETAko preso disidente talde batek adierazi du agiri batean unea heldu dela "adiskidetzearen aldeko neurriak" hartzeko eta, beraz, "urratsak egiteko" eskatu dio Bilduri, "hainbat urtez sortu diren ondorio dramatikoak gainditzeko".
Adierazpenaren sinatzaileak Langraizeko espetxean (Araba) dauden eta "Bake prozesu atzeraezinarekin konpromisoa duten presoak" izeneko taldekoak dira, hala nola Joseba Urrosolo Sistiaga, Carmen Gisasola eta Kepa Pikabea.
Agiria Vocento taldeko egunkarietara igorri dute. Bi atal ditu: lehenengoan, ezker abertzaleak "borroka armatua" errefusatzeko prozesua azaldu dute, eta, bigarrenean, egungo egoera gainditzeko hausnarketak plazaratu dituzte.
Aipatu presoen ustez, Sortuk eta Bilduk indarkeria errefusatzeko egindako mugimenduak "oso irmoak eta atzeraezinak" dira, eta ondorioz ez diete "lekurik" utzi indarkeria erabiltzen jarraitu nahi dutenei.
Nolanahi ere, ETAk ezker abertzalearen konbentzimendua izango balu, "gauzak argiago, sinesgarriago eta eragingarriago" egingo zituzkeela iritzi diote.
Presoen ustez, erakunde terroristak ez du bere amaieraren eszenaratzea egingo, "konpontzeko zati zailena presoen eta biktimen esku uztea" izango bailitzateke hori.
Besteak beste, honako presoek osatzen dute aipatu taldea: Joseba Urrosolo Sistiaga, Carmen Gisasola, Kepa Pikabea, Rafa Caride, Josu Garzia, Jurgi Oteiza eta Andoni Altza.