Politika -

Espainiako Gobernua

Espainiako Gobernua martxan jartzeko ezin dela denborarik galdu esan du Urkulluk

Lehendakariak uste du etorkizuneko erronkei erantzuteko unea dela, eta ez dagoela beste aukerarik. Lehiakortasun ekonomikoa, ikerketa eta berrikuntza aipatu ditu, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente inbestitu ostean, PSOEren eta Unidos Podemosen arteko koalizio-gobernu berria martxan jartzea "premiazko beharra" dela esan du asteazken honetan Iñigo Urkullu lehendakariak. Ildo horretatik, etorkizuneko erronkei erantzuteko galtzeko astirik ez dagoela azpimarratu du.

Neiker nekazal garapenerako institutuak Arkauten (Araba) duen instalazioetara egindako bisitan, Urkulluk Espainiako egoera politikoaz hitz egin du. Izan ere, Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak datorren astean jakinaraziko du nortzuk osatuko duten koalizio-gobernua.

Ildo horretatik, hamar hilabeteko "behin-behinekotasunaren" ostean Espainiako Estatuan aro berri bat hasteko lehen urratsa dela nabarmendu du lehendakariak, izan ere, Mariano Rajoy presidente ohiaren aurkako zentsura-mozioa aurrera atera zenetik, alderdi sozialistaren Exekutiboa jardunean egon da.

Urkulluren ustez, beharrezkoa da "etorkizuneko egiturazko erronkei" erantzuna ematen hastea. Testuinguru horretan, lehiakortasun ekonomikoa, ikerketa eta berrikuntza eta ingurumenaren babesa aipatu ditu, besteak beste.

Erronka horiekin batera, "beste erronka batzuk" aipatu ditu lehendakariak, hala nola lurraldeari dagokiona eta autogobernuari buruzkoa.

"Ez dago beste aukerarik"

Urkulluren iritziz, Sanchezen inbestidura "gobernagarritasunerako akuilu" izango da, eta "ez dago denborarik galtzeko". "Gobernu programa bat onartu eta etorkizuneko erronkei erantzuten hastea beste aukerarik ez dago, bai arlo ekonomiko eta sozialean, bai lurralde eta autogobernuan ere", gaineratu du.

Lehendakariak nabarmendu duenez, koalizio-gobernua martxan jartzea eta gobernatzen hastea "premia larria da herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak