Politika -

Auzitegi Nazionala

Espainiak Jose Cousoren familiari 182.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio

Duela 16 urte Iraken hildako Telecincoko kameralariaren emazteari 100.000 euro ordaindu beharko dizkio, eta beste 41.000 euro seme bakoitzari.

Jose Couso kameralariaren hilketaren 15. urteurrena. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Couso kameralariaren hilketaren 15. urteurrena. Artxiboko argazkia: EFE
Jose Couso kameralariaren hilketaren 15. urteurrena. Artxiboko argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko administrazio-auzietarako aretoak Espainiako Estatua zigortu du Jose Couso auzian. Horrela, Estatuak kalte-ordaina eman beharko dio Telecincoko kameralariaren familiari. Couso duela 16 urte hil zuten Amerikako Estatu Batuetako (AEB) tropek Bagdaden (Irak). Pentagonoak aginduta, tropek Palestina hotelaren aurka tiro egin zuten 2003ko apirilaren 8an. Auzitegi Nazionalaren hitzetan, Espainiak babes diplomatikoa eskaintzeko betebeharra zuen, hau da, AEBen aurrean senideen interesak defendatzeko eginbeharra, baina ez zuen egin.

Ignacio De la Cueva magistratuak idatzi duen sententziaren arabera, Estatuak 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Cousoren alargunari, eta beste 41.000 euro seme bakoitzari. Erasoa gertatu zenean bi semeak adingabeak ziren. Eragindako kaltea konpontzeko "nazioarteko legedia urratu zuen beste Estatuaren aurrean ekintzarik" aurrera ez eramateagatik zigorra ezarri du ANk.

"Eraso bidegabea aitortzeko kudeaketarik ez zuten egin, ezta ondorioak zentzuzko moduan konpontzeko ekimenik abiatu ere; nahiz eta talde parlamentari askok hainbat eskaera egin", dio sententziak.

Epaiaren hitzetan, "Estatuak kaltedunen aldeko ekinbide diplomatikoa garatzeko" baldintzak ematen ziren, baina "AEBetako Administrazioak emandako azalpenak jasotzera eta onartzera mugatu zen; Palestina hotelaren aurkako erasoa justifikaturik zegoela eta Cousoren heriotza istripu deitoragarri bat izan zela, alegia".

Bestalde, Couso Iraken egiten ari zen lana "informazio askatasunaren ariketa" zen, aretoak erantsi duenez, Konstituzioak berak jaso bezala: "Informazio askatasunaren dimentsio objektiboari babes diplomatikoa eskaini behar zaio, askatasunaren beraren ariketa bermatzeko".

Horrela, Cousoren familiak duela 15 urte aurkeztutako helegitea onartu du aretoak. Justizia eta erreparazioa bilatzeko orduan Espainiak AEBen aurrean 'borrokarik' ez zuelako egin ondare erantzukizuna eskatu zuten kameralariaren senideek. 317.130,37 euroko kalte-ordaina eskatu zuen familiak, eta Estatuko Abokatutza aurka agertu zen.

Auzitegi Nazionalaren epaia kameralariaren familiarentzako arrakasta judiziala da, Bagdadeko Palestina hotelaren kontrako erasoaren arduradunak justiziaren aurrera ekartzeko 16 urte borrokan eman ondoren. Aldi berean, senideek Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean helegitea aurkeztu dute dagoeneko, auzia berriz abiatzeko saiakeran; izan ere, Espainiako auzitegietan bide guztiak agortu dituzte, azkena Konstituzionalaren bidea iragan ekainean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Justizia Unibertsala bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza Irak Krimenak azken ordukoa