Politika -

Espainiako gobernua

Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusi izateko proposatu du Sanchezek

Justizia Ministerioan lanean hasi eta bi hilabetera, Jose Manuel Villarejo komisario ohiarekin izandako elkarrizketa baten grabazioak zabaldu ziren.

Dolores Delgado, Justizia ministro ohia, Estatuko Fiskal Nagusi berria. Argazkia: EFE
Dolores Delgado, Justizia ministro ohia, Estatuko Fiskal Nagusi berria.
Ekaitz judizial eta politikoa, Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusia izango delako

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dolores Delgado Justizia ministro ohia Estatuko fiskal nagusi izendatzea proposatuko du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Hala, 2018ko ekainetik karguan zegoen Maria Jose Segarra ordezkatuko du.

Madrilen jaio zen, 1962an, eta, aurreko legealdian ministro kontseiluan sartu zen arte, jihadismoaren aurkako fiskal koordinatzaile gisa aritu zen lanean Auzitegi Nazionalean. 1993an sartu zen organo horretan, eta narkotrafikoaren, krimen antolatuaren eta terrorismoaren aurkako borrokan egin du lan ordutik.

Horrez gain, Nazioarteko Zigor Auzitegian aritu izan da 2011tik, fiskal lanetan, eta Muamar Gadafi Libiako diktadore zena atxilotzeko aginduaren dokumentazioa prestatu zuen, gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzeko.

Justizia Ministerioan lanean hasi eta bi hilabetera, 2009an Madrilgo Rianxo jatetxean Jose Manuel Villarejo komisario ohiarekin (egun behin-behineko espetxealdian dago) izandako elkarrizketa baten grabazioak zabaldu ziren. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiarekin joan zen hitzordu horretara, polizia ohiari merezimenduaren domina eman ziotela ospatzeko asmoz.

Alabaina, audio horiek manipulatuta zeudela esan zuen Delgadok, "esaldiak moztuta eta gainjarriak" zeudelako, bere hitzetan. Horrela, komisario ohiarekin ez zuela inolako hitzordurik izan azpimarratu zuen.

Horrez gain, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Pablo Llarena 'proces' auziko instruktore  eta Auzitegi Goreneko epailearen aurka Belgikako Justiziaren aurrean aurkeztu zuen demanda zibilaren aurrean, epaileari babesa adierazten denbora gehiegi galdu zuela leporatu zioten oposizioko alderdiek.

Halaber, 'proces' auziagatik espetxean dauden buruzagi independentisten aurkako akusazioan matxinada baztertzeko Estatuko Abokatutzari egindako eskaera dela eta, Behe Ganberan ordezkatutako talde parlamentarioek gogor kritikatu zuten; izan ere, Estatuko zerbitzu juridikoek sedizioa leporatu zieten, eta Auzitegi Gorenak delitu horregatik zigortu zituen.  

Bestalde, Delgadok ia amaituta utzi du sexu-delituei buruzko zigor-erreforma, eta, laster, Ministro Kontseilura eraman ahalko dute, Justizia Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak