Politika -
Lortu duen lehen erkidegoa
Euskadik espetxeetako osasunaren eskuduntza jaso du
Astelehen honetan sinatutako eskumen horrek espetxeetan telekontsultak egitea eta presoak ospitalera eramateko beharra murriztea ahalbidetuko ditu.
Erredakzioa
Euskadik euskal espetxeen osasunaren eskuma jaso du, astelehen honetan sinatutako akordioari esker. Eskuduntza honen transferentziari esker, euskal espetxeetako osasun zerbitzuek Osakidetzako zentroak bezala funtzionatuko dute. Horrela, presoek telekontsultak egiteko aukera izango dute eta horrek ospitalera eramateko beharra murriztuko du.
Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetarako zuzendari orokorrak eta Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Langraiz Okako Arabako espetxean azaldu dutenez, eskuduntza hau uztailaren 1etik dago indarrean eta 9 milioi euroko aurrekontua izango du.
Eskuduntzak Basauriko, Martuteneko eta Langraiz Okako espetxeetako 43 profesionaletan eragina izango du. 16 mediku, 19 erizain, farmazialari bat eta zazpi laguntzaile Osakidetzako langileriaren parte izango dira.
Gallizok azpimarratu duenez, Euskadik eskuduntza hau jaso du estreinekoz eta gainontzeko erkidegoek eskumen bera jasotzen joatea espero du. Honen esanetan, eskuduntzak "onura handia" suposatuko du presoentzako, zerbitzu guztiak Osakidetzan zentralizatuko direlako.
Osasun Sailaren datuen arabera, 3.000 kontsulta baino gehiago egiten ditu urtero Osakidetzak eta 150 ospitaletako ingresu inguru kudeatzen dituzte. Asmoa da hemendik aurrera ospitalera eramateko behar hori murriztea eta hori dela eta, medikuak espetxeetara bertaratu gabe gaixoak artatzea sustatu nahi du Osasun Sailak. Horren harian, kamarak eta pantailak jarriko dituzte, medikuen eta gaixoen arteko harremana errazteko.
Osasun sailburuak azpimarratu duenez, eskuduntza berriak preso gaixoei "koordinazio handiagoko laguntza" eskaintzea ahalbidetuko du.