Politika -
NAFARROA
Sanferminetako txupinazoaren arduraduna hautatzeko sistemari eutsiko dio Iruñeak
EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aurkeztutako adierazpen bateratua onartu du Iruñeko Udalak, Navarra Sumaren abstentzioarekin.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Sanferminetako txupinazoa jaurtiko duen pertsona edo erakundea aukeratzeko sisteman aldaketarik ez egiteko aurkeztutako adierazpen bateratua onartu du Iruñeko Udalak, Navarra Sumaren abstentzioarekin.
Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate ohia adierazpen horren alde agertu da, eta txupinazoaren jaurtiketa Juanito Etxeparek egindako herri-ekimen batetik sortu zela gogoratu du. Testuinguru horretan, Etxeparek berak jaurti zuen txupinazoa 1931 eta 1936 bitartean. Alabaina, hori izan zen bere azken aldia, urte hartan, "Errepublikaren aldeko ideia ezkertiarrak izateagatik fusilatu baitzuten".
Bestalde, Ana Elizalde Navarra Sumako ordezkariak azpimarratu duenez, "Barcinak bi aldiz jaurti zuen txupinazoa, hauteskundeak hiru aldiz irabazi zituelako, babes zabalarekin". Hala, oposizioak aurkeztu duen adierazpena Enrique Maya alkatearen hitzei erantzuteko modua dela ziurtatu du.
Geroa Baiko Patxi Leozek gaur egun indarrean dagoen sistemarekin jarraitzea eskatu du, adostasun bidez hori aldatzeko akordiorik ez dagoen bitartean. "Herritarren parte hartzea bultzatzen jarraitu behar da", adierazi du, eta "badira aurrera egin eta iritziz aldatzen duten talde politikoak" esan dio Elizalderi.
Maite Esporrin PSNko ordezkariaren iritziz, ordea, Sanferminetako txupinazoa botatzeko arduraduna hautatzeko sistema "ez da hil edo biziko eztabaida", baina sentimenduekin, zirrarekin eta jaiaren hasierarekin lotuta dagoela azpimarratu du. Ildo horretatik, "iraganean eroso egotea" leporatu dio Navarra Sumari, eta herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" dela iritzi dio.
Halaber, bere asmoen berri "hedabideen bidez jakin behar izatea" aurpegiratu dio Asironek Enrique Maya Iruñeko alkateari, eta, hori dela eta, "pixka bat ikasteko eta udal taldeekin gehiago hitz egiteko" eskatu dio.
Dena dela, indarrean dagoen aukeraketa sistema hobetzeko ideiarik baldin badu, "proposamena" egiteko eskatu dio, "baina bozketa bidezko prozeduraren aurka egin gabe".
Elizaldek bere burua "demokratatzat" jotzea leporatu dio Asironi, "ikurrina inposatu, boterera legeari iruzur eginez heldu edo, bestela, kolpeka aritu arren".