Politika -
Auzitegi Gorena
ETAri ordaindu ziotela dioen epaia errekurrituko dute Bruño ahizpek
Agiri baten bidez, erregubeak direla berretsi dute eta Auzitegi Nazionalaren erabakia deitoratu dute, "ebazpen horrek gure sufrimendua eta ezinegona luzatzea ekarri duelako".
Erredakzioa
Blanca eta Maribel Bruño ahizpek Auzitegi Nazionalak haien aurka hartu duen erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute. ETAk estortsioa egin eta erakunde armatuari 6.000 ordaintzeagatik urtebete eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zieten.
Blanca eta Maribel Bruño ahizpek Auzitegi Nazionalak haien aurka hartu duen erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute. ETAk estortsioa egin eta erakunde armatuari 6.000 ordaintzeagatik urtebete eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zieten.
Agiri baten bidez, euren "desadostasuna" agertu dute Auzitegi Nazionalak ezarri dien zigorraren aurrean. Aipatzekoa da ETAri "iraultza-zerga" deitutakoa ordaintzeagatik Espainiako Justiziak enpresari batzuei zigorra ezartzen dien lehen aldia dela. Bruño ahizpek errugabea direla berretsi dute eta Auzitegi Nazionalaren ebazpenak "sufrimendua eta ezinegona" luzatu besterik egin ez duela salatu dute.
Bestalde, azken egunetan jaso dituzten "elkartasun keinu guztiak" eskertu nahi izan dituzte, erakunde publiko ezberdinetatik, alderdi politiko batzuengandik nahiz norbanakoengandik jaso duten babesa, hain zuzen ere. Babes horri guztiari esker "justizia lortu arte" aurrera jarraitu ahal izango dutela nabarmendu dute.
Auzitegi Nazionalaren epaia
Epaimahaiaren iritzian, ordainketa beldurragatik egin izan zezaketen arren, horrek ez du esan nahi delitua egin ez zutela eta, ondorioz, Bruño ahizpak zigortzea erabaki zuen, espetxera joan beharko ez badira ere.
Jose Ricardo de Prada Solaesa magistratuak, berriz, boto partikularra eman zuen, izan ere, bere ustez ez dago frogarik ETAren gutunak jaso zituztela esateko, ezta ordainketak egin zirela baieztatzeko. Otsailean egindako epaiketan, Bruño ahizpek azpimarratu zuten 30 urtez izan direla ETAren biktimak, lehendabiziko estortsio gutuna 80ko hamarkadan jaso zutela, eta orain "Justiziaren biktimak" direla. Fiskaltzaren akusazioa Francisco Javier Lopez Peña ETAko buruzagiaren atxiloketaren ostean atzemandako eskutitz batean oinarritzen da. Gutun horrek 2008ko data dauka eta bertan ETAk esker ona ematen die Bruño ahizpei ordainketa egiteagatik.