Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchez eta Torra otsaileko lehen astean bilduko dira

Halaber, gainerako presidente autonomiko guztiekin ere bilduko da Sanchez, "herritarren arazoei" hurbilagotik heldu eta aurrekontuak uda aurretik onartzeko babesa lortzeko asmoz.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea.
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea otsaileko lehen astean bilduko dira.

Testuinguru horretan, gainerako presidente autonomiko guztiekin ere bilduko da Sanchez, autonomia erkidego bakoitzeko gobernuen egoitzetan, "herritarren arazoei" hurbilagotik heltzeko asmoz.

Alabaina, Torrarekin izango duen topaketa horrek PSOEren eta ERCren arteko inbestidura akordioan hitzartutako bi gobernuen arteko elkarrizketa-mahaiaren lehen bilera atzeratuko du, lehen bilera Espainiako Gobernua osatu eta 15 egunera egitea aurreikusten baitzuen akordioak.

"Akordioa lortzeko asmoa dugu, baina desberdintasun ugari daude bi aldeen artean", aitortu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta azpimarratu du aldebiko batzorde hori "erabat konstituzionala" dela eta autogobernua "kataluniar guztien topagunea" dela.

Gainera, Zigor Kodean jasota dagoen sedizio delitua berrikusteko aukera aztertuko du Sanchezek, Europako beste herrialde batzuetan aurreikusten diren delituekin homologagarria ez dela iritzita. Zehazki, sedizio delituagatik zigortu zituzten buruzagi independentistak Auzitegi Gorenean.

Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, "gatazka desjudizializatzeko" konpromisoak ez dakar inolako zigorgabetasunik. Horren hitzetan, Katalunian gatazka konpontzeko akordioak ezin du autodeterminazioa jaso, akordio hori ezin delako oinarritu "gehiago zatitu gaitzaketen gauzetan".

Aurrekontuak, uda aurretik

Sanchezek helburu gisa jarri du Estatuko Aurrekontu Orokorrak uda baino lehen onartzea.

PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernuaren lehentasunetako bat da hori. Halaber, gaur, asteartea, Ministroen Kontseiluan, funtzionarioen soldata % 2 igotzea onartuko dute. Exekutiboaren asmoa da soldata-igoera horrek aurtengo urtarrilaren 1etik aurrerako eragina izatea, eta, beraz, aldaketa hilabete honetako nominan jasoko litzateke jada.

Horrez gain, PPren lan-erreformaren alderdirik "kaltegarrienak" indargabetu nahi ditu koalizio-gobernuak, eta, aldi berean, gutxieneko soldata batez besteko soldataren % 60ko zenbatekoarekin parekatu nahi du legealdia amaitu aurretik, baina gizarte eragileek zehaztu beharko dituzte epeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès ERC Kataluniako Gobernua