Politika -

Auzitegi Nazionala

Traperok Puigdemonten atxiloketa prestatzeko agindua eman zuen

Aldebakarreko Independentzia Adierazpenik ez zela izango uste zuen arren egin omen zuen hori. Era berean, Mossoek uko egin zioten Generalitateari iruzurgile fiskalei buruzko datuak ematea.

Josep Lluis Trapero Mossoen nagusia. Argazkia: Efe
Josep Lluis Trapero Mossoen nagusia. Argazkia: Efe
Josep Lluis Trapero Mossoen nagusia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Lluis Trapero Mossoen nagusiak esan du 2017ko urriaren 25ean Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren atxiloketa prestatzeko agindua eman ziola bere bigarrenari mezu batean, independentzia aldarrikatuz gero egoera horri aurre egiteko, nahiz eta ez zuen uste Aldebakarreko Independentzia Adierazpenik (DUI) egingo zuenik.

Horixe adierazi du Traperok sedizioa leporatuta egin dioten galdeketan, Auzitegi Nazionalean. Miguel Angel Carballo fiskalak zalantzan jarri du Puigdemont atxilotzeko asmoa zutenik, auziaren instrukzioan ez baitzuen halakorik adierazi.

Mossoen nagusiak erantzun dio auziko dokumentazioan agertzen dela 2017ko urriaren 25ean Ferran Lopez komisarioari bidali zion mezua, eta bertan eskatzen ziola Puigdemont eta Govern-eko gainerako kideak atxilotzeko plana egitea, balizko Aldebakarreko Independentzia Adierazpenaren aurrean.

Gainera, Parlamentak DUIa onartu zuenean, Traperok Jesus Maria Barrientos Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari eta Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiari deitu omen zien, gertatutakoa "larria" zelako, eta "edozein agindu" betetzeko prest zegoela helarazteko.

Ez zizkion datu fiskalak eman Generalitateari

Esquadra Mossoek uko egin zioten iruzur fiskalagatik auzipetutakoen datuak eta hoteletako eta apartamentuetako erregistroak Ekonomia Departamentuaren esku uzteari, Traperok jakinarazi duenez.

Mossoen nagusiak azaldu duenez, 2017ko uztailean Oriol Junqueras buru zuen Ekonomia Departamentuko arduradunak Mossoen buruekin elkartu ziren Generalitateak segurtasun eta aduanen "erabateko eskumena"” izateko asmoa zuelako.

Departamentuak hoteletan eta apartamentuetan izena emandako pertsonen datuak nahi zituen, Generalitateari zergak ordaintzen ote zizkioten jakite aldera.

Beste eskaera Katalunian zerga iruzurragatik auzipetutakoei buruzko informazioa izan zen: "Bilera horietara ni joan nintzen, eta ezetz esan genuen, agintari judizialena zela informazioa, ez zutela zertan eskuratu, eta interesa bazuten agintari judizialei eska ziezaiotela".

Mosso batzuek ez zuten agindutakoa bete

Bestalde, auzipetuak azpimarratu du ez duela zalantzarik Mossoek U-1eko erreferenduma galarazteko ahal zuten guztia egin zutela. Halere, horietako batzuek, ehun baino gutxiagok, "zegokiena baino gutxiago" egin zuten, "arrazoi ideologikoengatik".

Baliabide nahikorik izan ez arren, Guardia Zibilarekin eta Espainiako Poliziarekin "elkarlanean" egindako operazioan mossoek ahal zuten guztia egin zutela berretsi du, eta ez zutela "ezer arrarorik" egin.

Hala ere, Traperok aitortu du agenteetako batzuek, 10ek, 20k edo 100ek, baina ez askoz gehiagok, "zegokiena baino gutxiago" egin zutela "arrazoi ideologikoengatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak