Politika -
Araban
Arana: 'EBtik kanpo daude prebenda horiek eskatu dituztenek'
"Gaurtik aurrera, batzarkide bi horiek beren buruak ordezkatuko dituzte Arabako Batzar Nagusietan, ez Ezker Batua, iskanbilaren nondik norakoak argitu arte behintzat", esan du Aranak.
Erredakzioa
Mikel Arana EBko idazkari nagusiak esan duenez, "erabat harritua eta haserre" dago Xabier Agirre (EAJ) Arabako foru ahaldun nagusirako hautagaiak esan dituenekin. Izan ere, Agirreren arabera, EBk 39 militante lanean jartzea eskatu zien jeltzaleei haien hautagaia babestearen truke. Ildo horretan, proposamen horiek egin dituztenak "EBtik kanpo" daudela ziurtatu du.
Aranak agiri baten bidez jakitera eman duenez, berak eta Arabako zuzendaritzak ez zekiten "negoziazio hori baldintza horiekin ematen ari zenik", eta "prebenda horiek eskatu dituztenek" EBren izenean egin dutela ukatu du.
"EAJrekin baldintza horiek negoziatu dituztenek ez dute EB ordezkatzen, interes pertsonalak baizik", esan du.
Arana harrituta dago Agirrek ezagutzera eman dituenenekin, eta, adierazi duenez, EAEko zuzendaritzak, Arabako EBk eta EBko idazkari nagusiak "ez dute eskaera horien erantzukizuna bere gain hartzen".
Halaber, "EBk hautatuko bi batzarkideek eta negoziazioetan parte hartu duten guztiek azalpenak eman" beharko dituztela gaineratu du.
"Baldintza horiek negoziatu dituztenak Ezker Batutik kanpo daude; hori EBn gaitzesten dugun politika mota da, eta horri aurre egiten saiatzen gara", azaldu du.
"Gaurtik aurrera, batzarkide bi horiek beren buruak ordezkatuko dituzte Arabako Batzar Nagusietan, ez Ezker Batua, iskanbilaren nondik norakoak argitu arte behintzat", esan du Aranak.