Politika -

Bateragune auzia

Ezker abertzalea: 'Borroka armatuak ez du balio'

Niko Moreno bozeramaileak adierazi du "estrategia independentista" bide "baketsuetatik eta demokratikoetatik" soilik garatu behar dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Niko Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak esan du "borroka armatuak" ez duela "balio", eta "estrategia independentista eta subiranista" bide "baketsuetatik eta demokratikoetatik soilik" garatu behar dela.

Morenok agerraldia egin du Donostian, Miren Legorbururekin, Aitor Bezaresekin eta Rufi Etxeberriarekin batera, Bateragune auziko epaiketaren balorazioa egiteko.

Ezker abertzaleko bozeramaileak bere egin ditu atzo, epaiketaren azken saioan, Arnaldo Otegik egindako hitzak ("inork ez dezala bidea utzi, irabazi egingo baitugu").

"Indarkeria soberan dago eta traba egiten du" hitzak ere bere egiten dituen galdetu diotenean, Morenok erantzun du Batasuneko bozeramaile ohiaren "benetako mezua" ezker abertzalea helarazten ari dena dela, hots, "borroka armatuak" ez duela "balio" eta "estrategia independentista eta subiranista bide baketsuetatik eta demokratikoetatik soilik" garatu behar direla.

Bateragune auzia

Bateragune auziko epaiketari dagokionez, ezker abertzaleak esan du Fiskaltzak egindako zigor eskaerak "berriz" erakutsi duela zein den "Estatuaren benetako aurpegia", baina gaineratu du eurek ez dutela "milimetro bakar bat ere" mugituko euren apostua.

Morenoren hitzetan, epaiketa Madrilek "Euskal Herriko fase politiko berriari emandako erantzuna" izan da, auzipetuek "erantzukizun handia" izan baitute aipatu fasea irekitzeko eta "ekarpen politiko eta teoriko handia" egin baitute.

Halaber, maiatzaren 22ko hauteskundeetan, Bilduk "babes handia" lortu zuen bitartean, "blokeoaren alde dauden indar espainiarrek indarra galdu" egin dutela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea