Politika -

Katalunia

Torrak adierazpen instituzionala egingo du gaur, Kataluniako Gobernu bilera atzeratuz

Bestalde, Bartzelonako Hauteskunde Batzorde Probintzialaren aginduz, Torraren ordez diputatu akta hartu behar zuen Maria Senserrich alderdikideak uko egin dio eserlekuari.

Quim Torra, Kataluniako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Quim Torra, Kataluniako presidentea.
Quim Torra, Kataluniako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Kataluniako presidenteak adierazpen instituzionala egingo du asteazken honetan, 12:00etan, Generalitateko Jauregian, eta, horren ondorioz, 15:00ak arte atzeratuko da Kataluniako Gobernuak aurrekontu proiektua onartzeko asmoz 09:30ean egitekoa zuen bilera.

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak diputatu-agiria kendu zion astelehenean Torrari, Auzitegi Gorenaren eta Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabakia betez. Testuinguru horretan, Torrak adierazpen instituzionala iragarri zuen bart, ezustean.

Iragarpen horrek, JxCatek eta ERCk partekatzen duten gobernuaren etorkizunaren inguruko zalantzak areagotu ditu. Izan ere, Katalunian hauteskundeak aurreratzeko zurrumurruak areagotu dira azken orduetan, bereziki astelehenean bi alderdiek Parlamentuan izan zituzten desadostasunen ondoren.

Kataluniako Gobernuak, atzo gauean iragarri zituen aurreikusitako agendan egindako aldaketak. Azken orduetan, zer egin galdetu die Torrak JxCateko kargudunei, Espainiako Hauteskunde Batzordeak diputatu-agiria kentzeko emandako aginduari jarraiki, Torrentek, ERCren babesarekin, Kataluniako Parlamentuan bere boto eskubidea kentzeko erabakiari erantzuteko moduari buruz, baina iritzi oso desberdinak helarazi dizkiote.

JxCaten barne eztabaida izan dute horren inguruan, izan ere, ERC Kataluniako Gobernutik kanpo utzi eta aurrekontuak onartu arte bakarka gobernatzen jarraitzea nahi dute batzuk. Testuinguru horretan, ordea, gobernua zenbait erreleborekin birmoldatzea edota hauteskundeak deitzea eskatu dute beste batzuek.

Horrez gain, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Generalitateko presidentearekin bilduko da otsailaren 6an, Bartzelonan.

Torraren ordezkoak uko egin dio eserlekuari

Bestalde, Bartzelonako Hauteskunde Batzorde Probintzialaren aginduz, Torraren ordez diputatu akta hartu behar zuen Maria Senserrich alderdikideak uko egin dio eserlekuari, eta hutsik geratu dadin, gauza bera egiteko eskatu die zerrendako ondorengoei ere.

Zerrendan jarraitzen dioten gainerako hautagaiek ere diputatu aktari uko egiten badiote, JxCatek boto bat galduko du Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran (33 izango lituzke), baina horrek ez ditu bozketen emaitzak nabarmen aldatuko, ERCk eta CUPek gehiengo absolutuari eutsiko liokeelako, 69 botorekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa