Politika -

Katalunia

Ferran Lopez: "Mossoek Guardia Zibilaren eskaerei erantzun zieten irailaren 20an"

Auzitegi Nazionalean egin ditu adierazpen horiek Esquadra Mossoen komisarioak, urriaren 1eko erreferendumean polizia autonomikoak egin zuen lanagatik egiten ari diren epaiketan.

Ferran Lopez, Esquadra Mossoen komisarioa. Argazkia: EFE
Ferran Lopez, Esquadra Mossoen komisarioa.
Ferran Lopez, Esquadra Mossoen komisarioa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ferran Lopez Esquadra Mossoen komisarioak asteazken honetan esan duenez, Guardia Zibilak laguntza eskatuz egindako eskaera guztiei erantzun zieten 2017ko irailaren 20an. Zehazki, urriaren 1eko erreferenduma eragozteko Katalunian egindako miaketen harira eskatu zion babesa Guardia Zibilak polizia autonomikoari.

Auzitegi Nazionalean egin ditu adierazpen horiek Lopezek, urriaren 1ean Mossoek izan zuten jokabideagatik egiten ari diren epaiketan. Akusatu nagusia Josep Lluis Trapero da.

Orduan, Traperoren bigarrena zen Esquadra Mossoen komisarioa, eta bi segurtasun indarren arteko laguntza eskaeretarako erabili ohi dituzten bi protokoloak azaldu ditu.

Hala, idatziz egindako eskaera formalari berandu erantzun ziotela aitortu du, ordubetetik gorako atzerapenarekin. Hortaz, metodo hori bakarrik erabili izan balute, Mossoek ez ziotela Guardia Zibilaren eskaerari erantzungo.

Alabaina, beste bide bat erabili zutela esan du. Bere esanetan, telefono bidez hitz egin zuen egun hartan Mariano Martinez Guardia Zibileko koronelarekin, beste egun batzuetan bezala. Lopezek azpimarratu duenez, berehala erantzun zieten egun horretan jaso zituen dei guztiei.

"Telefonoz egindako lehen eskaerari eta Martinez koronelaren hurrengo 38 deiei berehala erantzun genien", azpimarratu du.

Ferran Lopezen arabera, urriaren 1eko erreferenduma eragozteko epailearen agindua betetzeko Mossoen lehen planak ordena publikoko eta herritarren segurtasunerako unitateetako 7.100 agente autonomiko aurreikusten zituen, baina koordinazio bileretan gutxiegitzat jo zuten kopuru hori, eta 800 agente gehitu zituzten polizia-operatibora.

Gainera, horrelakoetan inoiz aritu gabe zeuden unitateak ere kalera atera behar izan zituztela aitortu du, Barne Gaien ardura dutenak eta Polizia Zientifikoa, esaterako.

Jarduera planaren lehen aldaketa izan zen hori. Gero, beste aldaketa bat egin zuten, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko 6.000 agente sartzeko.

Pedro Rubira fiskalak galdetu dio ea aurretik prestatutako plan horretan Mossoen "binomioaz" hitz egiten zen ala ez, eta lekukoak erantzun dio termino bat baino ez dela, azken batean, "gutxieneko dotazioa" edo "bikotea" bezala erabiltzen dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak