Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Romerok dio ezker abertzaleak Bilduk baino irmoago gaitzetsi duela ETA

PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak ez du baztertzen koalizio abertzalearekin "gai sozialetan eta zerga alorrean" akordioetara iristea.

Rafaela Romero PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea. Argazkia: EITB
Rafaela Romero PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafaela Romero PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak uste du Bildu "ezker abertzale tradizionalaren atzetik" dabilela ETAren gaitzespenean. Dena dela, ez du baztertzen koalizio abertzalearekin "gai sozialetan eta zerga alorrean" akordioetara iristea.

Buruzagi sozialistak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Arnaldo Otegik eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "ez dute berdina esaten" eta "abertzaleek eta ez-abertzaleek" gai horren inguruan iritzi bateratua izatearen aldeko apustua egin du.

"Ez da ona Bildu bere erreferente politikoa den ezker abertzale tradizionala baino 40 edo 50 kilometro atzerago joatea, izan ere, garbi geratu zen Rafa Diez Usabiagaren eta Arnaldo Otegiren jarrera Bateraguneren epaiketan", adierazi du Romerok.

Hala eta guztiz ere, bozeramaile sozialistak Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentearen jarrera txalotu du Juan Maria Jaureguiren monumentuaren kontrako erasoa salatu zuelako.

"Ona da erabat desberdinak diren bi mundu gerturatu zirelako, lehen aldiz gaitzespen adierazpen bat adosten saiatu ginelako", adierazi du Romerok.

"Garitanok dio ETA borondate zerutiarragatik desagertu dela; Otegik, berriz, ETA eta indarkeria oro soberan daudela esan du, eta Garitano ez da hori adierazpen batean sinatzeko gai. Nahiko nuke biek gauza berbera esatea, Jaureguiren monumentuari buruzko adierazpen instituzionala sinatuko genuen horrela", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea