Politika -
Bilera Lehendakaritzan
Lehendakaria uztailaren 20an bilduko da hiru ahaldun nagusiekin
Bilerak banan-banakoak izango dira eta Patxi Lopezek fiskalitateari buruzko eztabaida bat hastearen beharrizan azpimarratuko die Javier de Andres, Jose Luis Bilbao eta Martin Garitanori.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakaria uztailaren 20an bilduko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin eta EAEko fiskalitate-sistemaren zuzentasuna eztabaidatzea proposatuko die, "bikoiztasunak eta eraginkortasun-ezak ekiditeko asmoz".
Agiri baten bidez, Jaurlaritzak adierazi du egungo egoeran "ezinbestekoa" dela "baliabideak optimizatzea", ekonomiaren suspertzea lortzeko eta krisiak kaltetutako gizarte sektoreei laguntza emateko.
Lehendakariak maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean iragarri zuen diputatu nagusiak bilera batera deituko zituela fiskalitateaz hitz egiteko. "Orain arte eztabaidatu gabeko edukiak jarri behar dira mahai gainean, ongizate estatua bermatzeko eta Euskadi jasangarria eta leihakorra sendotzeko".
Horrez gain, lehendakaria nabarmendu zuen hiru diputazioak hiru alderdi ezberdinen esku egoteak "erronka handia" suposatzen duela agintari politiko guztientzat. Instituzio foralen egonkortasuna ahalbidetzeko "elkarrizketa" eta "akordiorako borondatea" beharrezkoak izango direla adierazi zuen Patxi Lopezek bere blogean.
Uztailaren 20an, goizean izango dira lehendakariak hiru ahaldun nagusiekin egingo dituen bilerak eta ondoren Patxi Lopezek agerraldia egingo du bileretan eztabaidatutako gaien inguruko xehetasunak emateko.