Politika -
Aldebiko bilera
Erkoreka eta Darias gaur bilduko dira eskumenen gaiari berriro heltzeko
Batzarra eguerdian egingo dute Madrilen, eta bere garaian egutegitik kanpo utzi zuten Gizarte Segurantzako kudeaketa ekonomikoa ere aztertuko dute.
Agentziak
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua eta Carolina Darias Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako ministroa gaur, asteazkena, bilduko dira Madrilen, 12:00etan, oraindik eskualdatu ez diren transferentzien gaiari berriro heltzeko. Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa ere izango dute hizpide.
Erkorekak berak eman du bileraren berri gobernu bileraren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan. Bozeramailearen esanetan, "egiteko dauden transferentzien inguruko negoziazioa eta akordioa premiazkoak eta lehentasunezkoak dira Jaurlaritzarentzat". Horren ildoan azaldu duenez, bileraren helburua da lanerako aldebiko bide bat irekitzea, "oztoporik gabea eta etengabea" eta "luze jo gabe", eta Espainiako Gobernuak urtarrilean onetsitako kronograma eta plana eguneratu eta horiek negoziatzeko lantaldeak sortzea.
Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa ere mahai gainean izango dutela. Eskumen hori Gernikako Estatutuan dago jasota, baina Espainiako Gobernuak onartutako azken egutegian ez zuten sartu. Gaur egun, ordea, Jaurlaritzak uste du horri ere heldu behar zaiola, eta hala jaso zuten PSOEk eta EAJk abenduan onartutako akordioan.
Ildo beretik mintzatu da Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua. "PSOEk eta EAJk sinatutako hitzarmenean jasota dago Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa. Hori da beti eskatu duguna. Orain ematen du Alderdi Sozialistak baduela horri buruz hitz egiteko borondatea, eta uste dut beharrezkoa eta premiazkoa dela eskualdatzea, euskal erakundeek baliabide horiek egokiago kudea ditzaten", azaldu du.
Bileraren ondotik Erkoreka eta Darias elkarrekin agertuko direla kazetarien aurrera iragarri du Artolazabalek.
Koalizio gobernua osatu zenetik Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lehen bilera instituzionala izango da honakoa.
Mendia: "Sanchezekin aldaketa egon da transferentziei dagokienez"
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ere hizpide hartu du bilera, eta gogorarazi du sozialistek eta EAJk gobernu akordioa onartu zutela, eta bertan Estatutua osorik betetzeko helburua aurreikusten dela; horrek "Gizarte Segurantzari buruz hitz egitea ere badakar", horren hitzetan.
"Estatutuaren gailurra Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa da", esan du Herri Irratian egindako elkarrizketa batean.
Mendiak azaldu duenez, EAEn pentsio publikoak Eusko Jaurlaritzak kudeatuko balitu, "Espainiako pentsio sistema publikoaren parte izaten jarraituko lukete, eta Espainiako Gobernuak ordaindu eta bermatuko lituzke".
Nolanahi ere, horren arabera, aldaketa bat egon da Sanchezekin transferentziei dagokienez. "Aurreko ezein gobernuk egin ez duen zerbait egin du: transferentzien egutegi bat. Niri oso ausarta iruditzen zait", gaineratu du.
"Ministroa konprometituta dago, baita presidentearen aginduz ere, egutegi berri hori egin eta transferentzia guztiak lantzen hasteko", azaldu du.
PSE-EEko buruak zehaztu du "gai asko oso aurreratuta" daudela eta "luze gabe pakete bat" egon daitekeela. "Konpromiso hori betetzen joateko ibilbidea dugu", adierazi du.