Politika -
Batzorde Nazionala
Rubalcabaren PSOE berriaren kontraesanak kritikatu ditu Rajoyk
PSOEk "eskaintzeko ezer berririk ez" duela agerian uzten du Zapaterok iragarritako Gobernuaren krisiak, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren hitzetan.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialista izendatzearekin batera, PSOE "erradikalizatu" eta "demagogian eta kontraesanetan" ari dela ziurtatu du gaur Mariano Rajoy PPko presidenteak.
Alderdi Popularreko iturriek jakitera eman dutenez, Rajoyk Gobernuko presidente ohiaren izendapena aztertu du alderdiko egoitzan egindako Batzorde Nazionalean.
Iturrien arabera, Rubalcabaren Alderdi Sozialista "gero eta erradikalagoa" dela uste du Rajoyk, baina ez proposamenen bidez, "kontraesanen" eta "demagogiaren" bidez baizik.
Bestalde, Ana Mato Antolakuntza idazkariordea hauteskunde-kanpainako zuzendari hautatu du gaur PPko Batzorde Nazionalak, Cospedalek iragarri duenez. "PPren hauteskunde makineria martxan" dagoela erantsi du PPko idazkari nagusiak.
Maria Dolores de Cospedal
Alderdi Sozialistak "eskaintzeko ezer berririk ez" duela agerian uzten du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak iragarritako Gobernuaren krisiak, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren hitzetan. "Guztia adabakiak" direla gaineratu du Cospedalek.
Gainera, Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistak iragan larunbatean emandako hitzaldiak PSOE "erradikalizatu" egin dela demostratzen du, Cospedalen ahotan.
PPko idazkari nagusiaren esanetan, Gobernuan egindako aldaketekin "berdinetan gaude" eta Alderdi Sozialistak " ez du ezer berririk eskaintzeko". "Guztia adabakiak dira eta espainiarrek ez dute adabaki gehiagorik nahi, Gobernu berri bat behar dute krisitik ateratzeko", azaldu du.