Politika -

Transferentziak

EAEk martxoan jasoko ditu transferitzeke gelditzen diren lehen hiru eskumenak

Eskola-asegurua, farmazia-produktuak eta enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako langileen erretiroen aurreko laguntzak transferitzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.

Carolina Darias eta Josu Erkoreka Madrilen bileraren ondoren Argazkia: EFE
Carolina Darias eta Josu Erkoreka Madrilen bileraren ondoren
Carolina Darias eta Josu Erkoreka Madrilen bileraren ondoren Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak iaz zehaztu zituzten hogeita hamar gaien Euskadirako transferentziaren gaineko negoziazioa arintzea adostu dute asteazken honetan Madrilen; hain zuzen ere, gai horietako hiru martxoan izango dira Jaurlaritzaren esku. Halaber, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia eztabaidatzen jarraitu dute; Eusko Jaurlaritzak transferentzia hori eskatu du.

Lurralde Politikako Espainiako ministro Carolina Dariasek eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Josu Erkorekak bilera egin dute Madrilen, gobernuen arteko negoziazioa arintzeko asmoarekin. Negoziazio horren bidez, iaz hogeita hamar bat gai nola transferitu adostu zuten, baina, bi hauteskunde orokor deitu zutenez, hori eten egin zuten.

Hilaren 20an, Darias Bilbora joango da, transferentzia-egutegi bat ixteko; halaber, Gizarte Segurantzaz ere hitz egingo dute batzar horretan. Ministroak esan duenez, gai horrek eragindako ministerioak Jaurlaritzaren eskaera ari dira aztertzen, eta espero du 20an "erantzun bat eman ahal izatea".

Gernikako Estatutuak du jasota Gizarte Segurantzaren kudeaketa, Erkorekak gogora ekarri duenez, eta, ondorioz, transferentzia "eztabaidaezina" da; alabaina, bi aldeek hitzartu behar dute "estatutu-aurreikuspen hori nola zehaztu". Hurrengo bileran, Eusko Jaurlaritzak espero du Espainiako Gobernuak erantzuna ematea: "Egutegian gai horien gaineko aipamenen bat sartzea eskatu dugu", berretsi du Erkorekak.

Gizarte Segurantzaren kudeaketarekin batera, Eusko Jaurlaritzak espero du, halaber, hilaren 20an zehaztea espetxe-zentroetako baliabide materialak eta pertsonalak transferitzeko data. Gai hori ere adostuta dago, dagoeneko.

Hauteskundeak aurreratzea ez litzateke oztoporik izango

Erkorekak, Jaurlaritzaren bozeramailea bera, gehitu duenez, EAEko hauteskundeak aurreratuko balira (Urkullu lehendakaria apirilaren 5erako deitzea ari da aztertzen), hori ez litzateke oztoporik izango eskumenak transferitzeko; izan ere, alde batetik, Jaurlaritza bozketa-egunean sartuko litzateke jarduneko epean, eta, horrez gain, jardunean ere izango luke ahalmena transferentziak adosteko. Erkorekak nabarmendu du transferentzia horiek Eusko Legebiltzarrak babestu dituela: "Lege organiko batez ari gara", esan du, Gernikako Estatutuaren mailari buruz.

Josu Erkorekak adierazi du hauteskundeen data "zehaztu gabe" dagoela, eta, oraingoz, espekulazioak soilik daudela; berretsi ere berretsi du Jaurlaritzak, nolanahi ere, eskumenak eskualdatzea bezalako erabakiak hartzeko gaitasuna duela.

Oraingoz, eskola-aseguruaren, farmazia-produktuen eta enplegu-erregulazioko espedienteak eragindako langileen erretiroen aurreko laguntzen gaineko eskumenak martxorako izatea osatuta adostu dute asteazken honetan.

Gainera, datorren astean bi aldeak bilduko dira; izan ere, Auzitegi Konstituzionalak helegiteak ditu ezarrita euskal lege jakin batzuen aurka, eta bilera horren helburua izango da aurrera egitea helegite horiek kentzeko prozesuan. Legeak dira Merkataritza Zentro Handietako Lurralde Antolamenduarena eta Poliziarena (bitarteko agenteen figuragatik). Segurtasun digitalaren gaineko Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren kontrako helegitea ere bada.

Dariasek eta Erkorekak bileraren tonu atsegina goraipatu dute. Ministroak gogora ekarri du autonomia-erkidego guztiekin duten harremanean egin nahi dutela aurrera; Euskadiri dagokionez, Estatutua betetzea nahi dute, "horrela Konstituzioa garatzen lagunduko dugula pentsatzen dugulako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua