Politika -
EAE-ko hauteskundeak
Hauteskundeen data oraindik ez duela erabaki adierazi du Urkulluk
"Beste alderdi batzuk gaiarekin jolasten ibiltzea" deitoratu du, halaber, lehendakariak. Berretsi duenez, apirilaren 5etik urriaren 22ra arte dei daitezke.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur ziurtatu duenez, oraindik ez du EAEko hauteskunde autonomikoen data erabaki, eta deitoratu egin du "beste alderdi batzuk gaiarekin jolasten ibiltzea". Berez, irailean edo urrian egitekoak dira bozak, baina EiTBk jakin ahal izan duenez, apirilaren 5eko datan egitea aztertzen ari da lehendakaria.
Urkulluk kazetariei Legebiltzarraren atarian adierazi dienez, hauteskundeak apirilaren 5etik urriaren 22ra arte dei ditzake. "Nik ez dut finkatu egunik, noiztik hasita noiz arte izan daitezkeen, hori besterik ez dut esan", erantsi du.
Lehendakariaren esanetan, "oraindik ez dut erabakia hartu, ondo hausnartu behar delako. Euskadiren ongizatean arabera hartuko dut erabakia".
"Beste alderdi batzuk ari dira gaiarekin jolasten"
Urkulluk salatu duenez, "beste alderdi politiko batzuk iaztik ari dira hauteskundeak aurreratzearen gaiarekin jolasten. Hemen bakoitzak bere burua aurkeztu du".
Asteartean balizko hauteskunde aurrerapenaren gaia Gobernu Bilerara eraman zuen lehendakariak. Gaia organo horretan aztertzea hauteskundeak deitzeko lehen izapide gisa har daiteke (hala jasotzen du espresuki Jaurlaritzaren Legeak)
Dena dela, Urkulluk ez du baieztatu hori horrela denik: "Normala da Gobernu Bileran egoeran inguruko gogoeta egitea".
Ildo beretik, sailburuei egindako kontsulta "gogoeta bat baino ez" dela azpimarratu du, eta hauteskundeak egin bitartean, Jaurlaritza "normaltasunez" arituko dela berretsi du. "Erabakia hartzen dudanean gardena izango naiz", erantsi du.