Politika -
Basauri
Social Antzokiko zuzendaria kargugabetu dute ustez dietak birritan kobratzeagatik
Udalak diziplina espedientea zabaldu dio kultur etxeko arduradunari, ikerketa batek dietengatik zegozkionak Kultur Etxearen eta Jaurlaritzaren eskutik kobratu zituela ebatzi ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Basauriko Udalak Social Antzokiko zuzendaria kargutik kendu du, behin-behinean eta kautelazko neurri gisa, hainbat urtez dietak birritan kobratu zituelakoan. Udalak ikerketa egin du Kultur Etxeko arduradunak dieta bikoiztu ote zituen argitzeko. Ikerketaren lehen fasearen emaitzak aintzat hartuta, diziplina espedientea zabaltzea erabaki du Udalak.
Horrez gain, jakinarazi du auzia Fiskaltzaren esku utziko duela, horrek balizko zigor erantzukizuna ezar dezan.
Basauriko Udalak azaldu duenez, zuzendariari "egozten zaizkion gertakarien tamaina" kontuan hartuta erabaki dute kautelazko neurria hartzea. Izan ere, ikerketaren arabera, "badaude elementu objektibo nahikoa ondorioztatzeko zuzendariak bi erakunde publikoren, Kultur Etxearen eta Eusko Jaurlaritzaren, ordainketak jaso zituela antzerki azoketara joateagatik zegozkion dietengatik, bai behintzat 2015, 2016 eta 2017 ekitaldietan —guztira, 4.067 euro—, eta hala frogatzen dute erreserbatutako informazio-espedientean jasotako egiaztagiriek".
Halaber, betiere Udalaren arabera, "zantzuak badaude, 2007 eta 2014 urteen artean, zehaztugabeko kopuru bat —gehienez 26.036 euro— jaso ahal izan zuela bikoiztutako dietetan. Dena den, epe horretan ezin izan da zehaztu zenbaterainokoa den kopurua Jaurlaritzak ez zuelako gastuen banakapena egiten azoka eta ikuskizunetara joateagatik".
Azkenik, eta Basauriko Udalak ohartarazi duenez, "ikerketa egin duenak bere txostenean dioenez, gai honen inguruan egiaztatu gabeko informazio publiko orok pertsona horren oinarrizko eskubideei —ohorearen, intimitatearen eta irudi eskubidea— eragingo lioke, hortaz, eta erantzukizun zantzuak egon badauden arren, errugabetasun presuntzioa izateko eskubidea du".