Politika -
Uztailaren 6an atxilotu zuten
Daniel Derguy behin-behinean aske utzi dute, hainbat baldintza jarrita
Agengo Apelazio Auzitegiak datorren uztailaren 27an aztertuko dute Auzitegi Nazionalak Derguy bere esku uzteko eskaera onartu edo ez.
Erredakzioa
Daniel Derguy aske utzi dute, hainbat baldintza judizial jarrita. Alabaina, behin-behineko erabakia da, izan ere, uztailaren 27an aztertuko du Agengo Apelazio Auzitegiak Madrilera entregatzeko euroagindua. Derguy behin-behinean eta hainbat bermerekin aske uztea erabakitzeaz gain, Agengo Apelazio Auzitegiak atxilotutakoaren kontrako akusazioak argitzeko informazioa eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Uztailaren 27ko saioan Espainiako Justiziaren esku uztea erabakiz gero, Derguyren defentsak hiru eguneko epea izango du Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko. Euroagindua aintzat hartuta, 1994an, Lazkaoko Pastas Arruabarrena enpresara bonba-gutuna igortzea -Poliziak indargabetzea lortu zuen- egozten diote, baita armak eta lehergaiak eramatea ere.
Derguyk 12 urteko espetxe-zigorra bete zuen Frantzian eta 2008ko martxoan aske atera zen baldintzapean. Joan den uztailaren 6an Cahorsen atxilotu zuten, Espainiako Poliziak ere parte hartu zuen operazio batean.