Politika -
Santanderreko Uda Ikastaroetan
Patxi Lopezek PSOEren lidergoa hartzea baztertu duela esan du
Rubalcaba hautagaiari babes osoa eman dio. Bestalde, eta 'Faisan auzia'ri dagokionez, Victor Hidalgo auzipetua Arabako PSEko Erakunde idazkaria izaten jarraituko duela iragarri du.
Erredakzioa
PSOEren idazkaritza nagusia bere gain hartzeko asmorik ez duela adierazi du Patxi Lopez lehendakaria eta euskal sozialisten idazkari nagusiak. Izan ere, Euskadiko gobernuburu izanda, "helburu guztiak beteta" dituela esan du lehendakariak.
"Beste gauza bat da nik, ahal dudan neurrian, PSOEri laguntza ematea" argitu die Patxi Lopezek kazetariei Menendez Pelayo Unibertsitateko Udako Ikastaroen ''España 2020'' seminarioan parte hartu ondoren.
Seminarioaren atarian, lehendakariak goratu egin ditu Alfredo Perez Rubalcabak Espainiako Presidentetzarako hautagaiak egindako proposamenak.
Lanpostuak sortzeko bankuei zergak jartzea edo eredu alemaniarrean oinarritutako hauteskunde erreforma "bat datoz", Patxi Lopezen esanetan, azken urteetan berak birregituraketa politikoaren inguruan esandakoekin.
''Faisan auzia'': Hidalgori babesa
Bestalde, Patxi Lopezek Victor Garcia Hidalgo auzipetua Arabako PSEko erakunde idazkaria izaten jarraituko duela iragarri du.
Horren harian, arerioei politikoki erasotzeko orduan gauza batzuk "sakratuak" direla gaineratu du, Alfredo Perez Rubalcaba hautagai soizalistaren aurkako eraosak "Faisan auzia"rekin hasi baitira, aurretik eta ondoren.
ETAren desagerpena
ETAri dagokionez, Patxi Lopez lehendakariak azpimarratuegin du taldearen desagerpenak ez duela arazo guztiak konponduko, terrorismoak arazo ugari sortu baititu ia 50 urtetan. Ondorioz, desgertu ondoren ere lan handia izango dela ohartarazi du, gizartea "berregituratu" eta elkarbizitza errotzeko.
"Terrorismoaren historiak zauri sakonak eragin ditu Euskadin, eta ETAren desagerpenak ez ditu sortutako arazo guztiak konponduko", esan du Patxi Lopezek.