Politika -
Polemika
Lehendakaria: 'Galtzaile txarrek jarri dute zalantzan Donostia 2016'
Gainera, ezezagun batek bidalitako informazioari nazioarteko epaimahai "independiente" batek esan duenari baino garrantzia gehiago ematea kritikatu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak esan du "galtzaile txarrenen" jokabidea hartu dutela Donostia 2016ren hautagaitza zalantzan jarri dutenek eta, bide batez, kritikatu du ezezagun batek bidalitako informazioari nazioarteko epaimahai "independiente" batek esan duenari baino garrantzia gehiago ematea.
Hori da lehendakariak esan duena Kultura Ministerioak ikerketa bat abiaraziko duela jakin ostean. Kordobak esan du jaso duen informazioaren arabera, lotura dagoela hautagaitza donostiarraren eta epaimahaiaren kide baten artean. Zaragozako Udalak ere Donostia 2016 hautagaitza zalantzan jartzen duen informazio jaso duela jakinarazi du.
Ikerketa horri esker kritika guztiak "behingoz" isilduko diren itxaropena duela esan du Patxi Lopezek, eta berriz ere adierazi du egitasmoan politika tartekatu dutenak direla ezbaian jartzen ari direnak.
Lehendakariak Donostiaren proiektu "bikaina" defendatu du Euskadiko erakunde guztiak biltzea lortu duelako "hiri eta lurralde mailako egitasmo" baten inguruan.