Politika -
Hautagaiaren proposamena
Rubalcabak 'esfortzu gehigarria' eskatuko die bankuei lana sortzeko
Gainera, Espainiako presidentziarako PSOEko hautagaiak eraikuntzaren sektorea "indartzearen" aldeko apustua egingo du ezin delako pasa "adreiluaren erakargarritasunetik adreiluaren baraualdira".
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidente izateko PSOEren hautagaiak, Espainiako finantza sistema berriro antolatzeko prozesua amaitzen denean, bankuei "esfortzu gehigarri bat" eskatu beharko zaiela esan du; lana sortzen laguntzeko modua izango da, batez ere gazteen artean.
Meridan egin duten ekitaldi politiko batean hautagai sozialistak esan du finantza sistema berrantolatuta, bakuek enpresa txikiei eta autonomoei "berriro dirua utzi ahal" izango diela beti ere dituzten laguntzak amaitzen zaizkienean.
Rubalcaba ekitaldian zehar, gainera, harrituta agertu da, duela astebete bankuen eta hipoteken gainean duen iritzia plazaratu zuenetik "sortu denagatik"; "ezkertiarra eta populista" izatea egotzi baitiote, besteak beste.
Gaineratu du, berak proposatzen dituen neurriak Alemania, Frantzia edo Britainia Handiaren moduko herrialdeetan hartzen dituztela.
"Krisitik irteten"
Rubalcabak esan duenez "krisiari irteera ikusten" hasi gara, baina, Espainian oraindik "tunelean gaude", gaineratu du. Beraz, beharrezkotzat jo ditu enplegua sortzeko neurriak. Ildo horretatik, adierazi du espainiarrek aurreztutakoaren % 3a lana sortzera bideratzen bada, "60.000 lanpostu" sortuko liratekeela.
Hipoteken gainean, berriz, "ardura banatuta" dagoela esan du. Izan ere, "jende askok" bere aukeren gainetik zegoen hipoteka eskatuta "asko" jokatu zuela berretsi du Rubalcabak, baina hipoteka hori ematen ari ziren bankuetako teknikariak "askoz ere hobeto" zekitela zer ematen ari ziren, gaineratu du.